"Iruzur" egitea leporatu die EHNE-Bizkaiak Eroskiri eta Cultivos Arabari

Erredakzioa 2024ko uzt. 31a, 10:01

Cultivos Arabako kutxetan Portugalgo tomateak saltzen ari direla salatu du EHNE-Bizkaiak. EHNEBIZKAIA

Nekazarien sindikatuak salatu du Portugalgo tomateak Arabakoak balira bezala "mozorratuta" saltzen ari dela supermerkatua.

EHNE Bizkaiak salatu du kontsumitzaileei "iruzur" egiten ari dela Eroski supermerkatua, Portugalen ekoitzitako tomateak Cultivos Araba enpresaren bidez eta zero kilometroko ekoizpen bezala "mozorratuz". Nekazarien sindikatuak azpimarratu du, gainera, kontsumitzaileari kanpoko tomatea herrialdeko tomate gisa bezala saltzeko praktikak zuzenean kalte egiten diola Euskal Herriko ekoizleari.

Gaubeako Cultivos Araba marka duten tomate kutxaren irudi bat erakutsi du EHNE-Bizkaiak salaketa egiteko. Horretan, Arabako tomate hidroponikoen enpresaren markapean Portugalen ekoitzitako tomateak saltzen dituzte. "Berriro ere, irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du, eta ezin hobeto erretratatzen ditu tomatea intentsiboki ekoizteko makroproiektuaren sakoneko asmoak", esan du nekazarien sindikatuak.

Kontsumitzaileei adi egoteko eta tokiko ekoizleen alde egiteko deia egin die EHNE-Bizkaiak. "Ezin dugu iruzur berri hori onartu, eta kontsumitzaileei dei egiten diegu tokiko ekoizpen jasangarria erostearen alde egin dezaten eta mota horretako ekoizpen intentsiboak arbuia ditzaten".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago