Mendekotasunaren laguntza ekonomikoak igotzea onartu du aldundiak

Erredakzioa 2024ko uzt. 30a, 16:12

Mendekotasuna duten pertsonen laguntzaileek jasoko dituzte prestazioak. AFA

%19,36 handituko da mendekotasunagatik ematen den Laguntza Pertsonalerako Prestazio Ekonomikoa (LPPE), eta %12,5 Familia Giroan Zaintzeko Prestazio Ekonomikoa (FGZPE).

Foru Gobernu Kontseiluak gaur onartu du mendekotasun mailaren bat duten pertsonen autonomia pertsonala bermatzeko bi prestazio ekonomikoren zenbatekoak gaurkotzea. Zenbateko berriak irailean jarriko dira indarrean; eta Araban hiru urtez jarraian erroldatuta egon direla egiaztatzen duten hartzaileei aplikatuko zaie.

Gizarte Politiken Sailak proposatuta, mendekotasuna duten eta laguntzaile pertsonalak kontratatu nahi dituzten arabarrek jasotzen duten LPPE izeneko laguntzaren gehieneko zenbatekoak %19,36 handituko dira. Aldundiak azaldu duenez, modu horretan, III. mailako mendekotasuna dutenen LPPEaren gehieneko zenbatekoa langile arteko gutxieneko soldatarekin parekatuko da. Igoera I. eta II. mailakoei ere aplikatuko zaie, era proportzionalean.

Bestalde, aldundiak %12,5 handitu ditu FZPEaren gehieneko zenbatekoak, hau da, zaintzaile ez profesionalei ematen zaien laguntza; gehienetan, mendekotasuna duen pertsonaren senideak dira.

Bi prestazio ekonomikoen zenbatekoen igoera horri aurre egiteko, Gizarte Politiken Sailak 1.250.000 euroko kreditu gehigarria izango du. 2024ko indarreko aurrekontuko neurri osagarriei buruzko uztailaren 10eko 10/2024 Foru Araua onesteko Foru Gobernuko taldeek (EAJ eta PSE) eta Alderdi Popularrak erdietsitako akordioaren ondorio da zenbatekoen igoeren onespena. Aldez aurretik, Arabako Batzar Nagusiek babesa eman zieten EH Bilduk eta PPk, hurrenez hurren, LPPE eta FZPE prestazioak handitzeko egindako proposamenei.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago