Pala eoliko erraldoiak garraiatzeko Coloradoko (AEB) Radia enpresak egingo duen WindRunner izeneko hegazkinaren ekoizpenean parte hartuko du Aernnovak. Zehazki, euskal enpresak motorrak hegazkinera lotzeko hegala eta sektorean pylons gisa ezagutzen diren euskarriak garatu eta diseinatuko ditu.
WindRunner munduko hegazkinik handiena izango dela azaldu du enpresak, ohar batean. Egitasmoaren helburua da "pala eoliko handiagoak eta eraginkorragoak garraiatzea, energia eolikoaren irismena handitzeko eta ekonomia eraldatzeko, helburu klimatikoak betetzea bilatuz", enpresaren arabera.
WindRunnerrek 105 metroko luzera duten aerosorgailu pala handiak garraiatu ahalko ditu, eta gai izango da lurra hartzeko 1.800 metro besterik ez dituzten lurrezko pistetan. Hortaz, "gaur egun lurreko energia eolikoa hedatzea eragozten duten oztopo logistikoak gaindituko" ditu hegazkinak
Radiako Mark Lundstrom zuzendari exekutiboaren arabera, WindRunner aukera bat izango da "industria aeroespazialak klima aldaketan eragin erabakigarria izan dezan, energia industrian dibertsifikatu dadin eta merkatu aukera izugarria aprobetxa dezan". Dioenenez, "diseinuaren, garapenaren eta ingeniaritza aeroespazialaren abangoardian dagoen" Aernnovaren parte hartzea "atsegin eta ilusio handiaz" hartu dute.
Ricardo Chocarro Aernnovako zuzendari exekutiboaren hitzetan, Radiarekin proiektua garatzeko egindako akordioak "punta-puntako posizionatzen" du enpresa, "asmo handiko proiektu batean".
Farnborough 2024ko Nazioarteko Aeronautika Aretoan hitzarmena sinatuko dutela aurreratu du Aernnovak.