Gaztela eta Leongo gobernu kontseiluak baiezkoa eman dio EAErekin zenbait osasun arreta zerbitzu partekatzeko hitzarmenari. Akordioa lau urtez egongo da indarrean, beste lau urtez luzatzeko aukerarekin. Horrekin, "bi erkidegoetako mugetan bizi diren pazienteen arreta asistentziala hobetuko da", Gaztela eta Leongo Juntaren arabera. Iazko urtarrilean sinatu zuten hitzarmena, eta, Gaztela eta Leongo Juntak orain onartu duen arren, erkidego bakoitzeko parlamentuek eman beharko diote behin betiko onespena.
Lehen arretaren, arreta espezializatuaren eta larrialdi eta emergentzien alorreko kolaborazioari dagokie bi erkidegoek sinatutakoa. Horrekin batera, osasun garraioa koordinatuko dute, eta pazienteen historial kliniko elektronikoa partekatuko dira.
Hala, Osakidetzak Trebiñun, Berberanan, Valpuestan, Villalba de Losa eta San Zadornilgo hainbat herritan larrialdiko lehen arreta emango du. Larrialdiko zerbitzua Espejon izango dute udalerri horietako bizilagunek. Ohiko arretarako, ordea, Quincoces de Yuso izango dute erreferentzia. Gaztela eta Leongo osasun zerbitzuak, berriz, Trebiñutik artatuko ditu Arluzea, Faidu, Markiz, Urarte eta Tuyo herrietako bizilagunak.
Ospitale arretari dagokionez, Osakidetzak Mena, Lausa eta Tobalina Haranetan, Espinosa de los Monterosen eta Trebiñun arreta eskainiko du. Miranda Ebroko ospitaleko zenbait espezialitate ere bere gain hartuko ditu Osakidetzak. Besteak beste, neurokirurgia, medikuntza intentsiboa, edota bihotzari lotutako arazo larriak.
Mugako herrietan, anbulantzien zerbitzuan ere koordinazioa izango dute bi erkidegoek. Bestetik, arreta eman ahal izateko, bi erkidegoek pazienteen historial klinikoa partekatuko dute.