UAGA Arabako nekazarien eta abeltzainen sindikatuak alegazioak aurkeztu ditu Solariak herrialdean eraiki asmo duen Zierbena Solar 2, Zierbena Solar 3 eta Zierbena Solar 4 parke fotovoltaikoen eta haien ebakuazio azpiegituren kontra. Bi ildo azpimarratu ditu sindikatuak. Batetik, alegazio orokorra aurkeztu dute; eta bestetik, norbanako bezala, proiektu horiek "larriki kaltetuko lituzketen" bederatzi ustiategienak, jabeek inolako baimenik eman gabe Solariak okupatu nahi dituenak, UAGAk salatu bezala. Sindikatuak aurretiazko baimena ukatzeko eta aurkako ingurumen adierazpena emateko eskatu du alegazio horietan.
UAGAren esanetan, "argi dago lege iruzurra dagoela" proiektuaren atzean, proiektu osoa zatika aurkeztu duelako Solariak. "Zatiketa hori agerikoa da hiru proiektuen eta ebakuazio lerroaren titulartasuna partekatzen duten unetik", esan dute. Nekazariek ohartarazi dutenez, goi tentsioko linearen ezaugarriak aztertu ondoren ikusten da "50 MWeko 36 parke fotovoltaikoen energia" garraiatzeko kapazitatea nahi izango lukeela Solariak. "Proiektuaren erredakzioan Zierbena 24 eta Zierbena 29 izan litezkeenei egiten zaie erreferentzia", nabarmendu dute.
Bigarren "lege iruzur bat" salatu du halaber UAGAk. "Benetan garraio linea bat dena ebakuazio linea soil bat bezala aurkeztu du Solariak, eta guzti horrek ere lege-iruzurra dakar. Red Eléctrica Española (REE) garraio-sare eta garraiolarien kudeatzailea bakarra da. Energia elektrikoa garraiatzeko, garraio-instalazioak eraiki, mantendu eta maniobratzeko eginkizuna du.
Plan integrala eskatu dute
Solariaren proiektuaren "lege urraketak", eta Arabako nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiei egiten zaizkien "kalte larriak" kontuan hartuta, UAGAk uste du aurretiazko baimena ukatu behar dela eta aurkako ingurumen adierazpena egin behar dela. "Bestela, proiektu fotovoltaikoak modu kaotiko eta desordenatuan ezarriko lirateke balio estrategiko handiko, ingurumen sentsibilitate altuko eta ureztapeneko lurretan, onartuta dagoen, Energia Berriztagarrien LPSan ezarritakoa kontuan hartu gabe".
UAGAren ustez, "beharrezkoa eta premiazkoa da plangintza integral bat, argi eta garbi kokapen egokienak, azpiegituren tipologia edo lurralde ahalmena zehaztuko dituena". Lehen sektorearen ustez, desarautzeak elektrizitatea sortzen duten "industria pribatuaren interesei baino ez die laguntzen, Eusko Jaurlaritzak dituen berotegi-efektuko gasen emisioak murrizketa helburuak albo batera utzita".