Arabako eta Gipuzkoako aldundiak aurrez aurre jarri ditu berriro ere Oscar Puente ministroak, AHTaren loturaren auzian. Izan ere, ostegun honetan Iruñera egin duen bisitan, Garraio ministroak adierazi du "lanean" jarraitzen dutela AHTa Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotzeko, eta aipatu du Ezkio-Itsasoko loturarekin "arazoak" daudela.
Hala, Puentek azaldu du, besteak beste, "zundaketa hidrogeologikoak" egitea ezinezkoa izan zaiela, Gipuzkoako zenbait udalek baita partikular batzuk ere horretarako baimenik ez dutelako eman, eta, horrek, lana "asko zaildu" diela. Gainera, garraio ministroaren esanetan, Ezkio-Itsasoko zatian trenak bidearen puntu jakin batean "atzera" egin beharko luke zerbitzua eman ahal izateko, eta horrek, bere esanetan, "arazo teknikoak" dakartza, baita denbora arazoak ere. Gauzak horrela, "paperaren gainean aukera onargarriena" Gasteizen lotura egitea dela esan du Espainiako Gobernuko Garraio ministroak.
"Herri apustua" Gipuzkoarentzat
AHTak Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren artean duen lotura egiteko bi aukera daude: Gasteizko lotura edo Ezkiokoa. Gauzak ondo bidean azken erabakia hilabete honen amaieran jakingo da, baina oraindik ez da argitu. Gipuzkoako aldundiak bere aldetik ziurtatu du Ezkio-Itsasoren aukera "herri apustu bat" dela, Gasteizkoaren aurrean. Ezkio-Itsasoko konexioak Donostia eta Iruñea arteko bidea 25 minututan laburtzen duela berretsi du Irune Berasaluze aldundiko bozeramaileak, eta paisaian ere inpaktu txikiagoa duela lotunea Gipuzkoatik egiteko aukera. Berasaluzek jakitera eman duenez, zain daude Jose Antonio Santano Estatuko Garraio idazkariarekin bilera bat egiteko, baina oraindik ez dute datarik. Bestalde, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia esan du "oso lasai" dagoela, txosten teknikoek Gasteizen aldeko apustua egingo dutelako.