Ahaldunduago sentitzen naiz orain, indartsuago. Topera borrokatzen jarraitu nahi dut, etsi gabe; txikitan bereizten bagaituzte, nola ikasiko dugu elkarbizitzen nagusi garenean". Indira Martinez de Ilarduia Preciadok hitz horiekin laburbildu du azken lau urteetan bizi izan duen prozesuaren emaitza. 2020an, beste hamabost lagunekin batera, Inklusibitatearen Aldeko Ikasleak izeneko proiektuan hasi zen, eskola barneratzaileari buruz hitz egiteko. Ikasle horiek ordutik lortu dutena nabarmena da: ikasgelan ahotsa ez izatetik, mundu mailan oihartzuna izatera pasa dira.
Martinez de Ilarduiak 17 urte ditu, gasteiztarra da, Downen sindromea du, eta, esan bezala, Inklusibitatearen Aldeko Ikasleetako kide bat da. Malagako Unibertsitateko proiektu zabalago baten barruan sortu zen ikasle talde hori, eskolan izandako esperientzien inguruan hitz egiteko. Ikasle talde heterogeneoa zen, askotariko errealitateak zituzten gazteekin: gaitasunak, jatorriak, generoa, sexu hautua… Bilerak online egiten hasi ziren, eta esperientziak partekatzen hasi zirenean bizipen komunak zituztela ikusi zuten: "Besteak entzun nituenean konturatu nintzen arazoa ez zela nirea", hausnartu du Martinez de Ilarduiak.
Eskolan segregazioa bizi izan duela azaldu du Gasteizko gazteak; bere hitza aintzat hartu ez zutela. Aldiz, Inklusibitatearen Aldeko Ikasleekin hitz egiten hasi zenean, esperientziak partekatu zituztenean, "entzuna" sentitu zen, "errespetatua". "Sistemak esan digu ez dugula eskolan balio, eta aparte egon behar dugula; arazoa ez da gurea, eskolarena da, eta eskolak aldatu behar du, ez guk", nabarmendu du.
Bada, esperientzia horiek konpartitzean, Malagako Unibertsitateko ikerlarien laguntzarekin, hamasei ikasle horiek tresna bat prestatu zuten, haiek bizitako segregazioa errepika ez zedin: Nola egin zure eskola inklusiboa izeneko gida. Ikasleei zuzenduta dago, eta, zazpi pausotan, gazteak ahalduntzeko, eta haien eskola barneratzaile bihurtzeko proposamena luzatzen dute, nahi duenarentzat. Ordutik, gida horrek zeresan handia eman du.
"BESTEAK ENTZUN NITUENEAN KONTURATU NINTZEN ARAZOA EZ ZELA NIREA". INDIRA MARTINEZ DE ILARDUIA
AERA-k, AEBetako Hezkuntza Ikerketarako Erakundeak gida aintzat hartu zuen, eta DBHko ikasleek egindako ikerketetarako Youth Teams in Education Research saria eman zien. Epaimahaiak jakinarazi zien "txundituta" geratu zela proposamenaren kalitatearekin, eta taldeko ikasle ikertzaileak egindako lanaren "mamiarekin". Horri esker, AERAk egiten duen urteko batzarrean izan ziren Inklusibitatearen Aldeko Ikasleak, Chicagon (AEB), haien proposamena azaltzen.
Are, Down Syndrome International elkarteak, trisomia 21 duten pertsona eta familien elkarteen nazioarteko sareak, World Down Syndrome saria ere eman die. New Yorkeko (AEB) Nazio Batuen Erakundeko egoitzan jaso du saria Indira Martinez de Ilarduiak, beste kide batzuekin batera. "Bidaia esperientzia zoragarria izan zen, oso hunkigarria". Ordutik Estatuko agintari askorekin bildu da: Pilar Alegria Espainiako Hezkuntza ministroarekin; Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu ohiarekin, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburu berriarekin, baita Lucia Torrealdai Aniztasunerako eta Hezkuntza Inklusiorako zuzendariarekin ere. Inklusiorako gida ikastetxe guztietara zabaltzea proposatu zien, eta horiek positiboki baloratu zuten ekarpena. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiarekin, eta Maider Etxebarria Gasteizko alkatearekin ere egon da.
Eskolan, bakartuta
Martinez de Ilarduiak ez ditu oroitzapen on askorik derrigorrezko hezkuntzatik. Batez ere DBHko azken ikasturtetik. Noemi Preciado Zufiaurrek, haren amak, gogoratu du Lehen Hezkuntzan "zeozer" lortzen ari zirela; zerbait "kosmetikoa", ez zituztelako denboran mantetzeko asmoarekin egin. Baina DBHrako jauzia "zaila" izan zen. Hala du buruan Indira Martinez de Ilarduiak. "Gelakideek gauza bat egiten zuten, eta niri beste zerbait egiteko esaten zidaten: txikien gauzak, txikia ez banaiz ere". Garai hori "oso gogorra" izan zela ekarri du gogora, ez zuelako bat ere gustuko eskolara joatea. "Negarrez amaitzen nuen". Haren aurrean berari buruz mintzatzen ziren, bere tokia beste bat zela esanez. "Esaten zuten 'nire kideekin' egon behar nuela, nire kideak guztiak direnean".
Zuzendariaren bulegora ere joan zen behin; "ezkutatzen heldu nintzen bertara". Zuzendariarekin akordio batera heldu zen: "Esan zidan haiek bazekitela zeintzuk ziren nire eskubideak". Akordio batera heldu ziren: matematikako klaseetan astean behin bakarrik sartzea. Preciadok gaineratu du Indirari ez ziotela kalkulagailua erabiltzen uzten, Hezkuntza Berariaz Sendotzeko Programan neurri hori jasotzen den arren. "Irakasleak jaso zuen: 'bere mailarako gela espezifiko batean artatua behar du izan'; ez zuen inolako egokitzapen metodologikorik egin, legez egin beharko lukeen arren".
"BAKARDADEA EZIN DA INOIZ JUSTIFIKATU: NEURRIAK HARTU BEHAR DIRA HORREKIN AMAITZEKO" NOEMI PRECIADO, INDIRAREN AMA
Martinez de Ilarduiaren amak azaldu du Indirak ekuazioak egiten zituela etxean, egokitzapen txiki batzuekin, baina gelan "bat gutxiago" sentitzen zela aitortu du ikasleak. Ezer proposatzen ez ziotenez errezetak begiratzen zituen, mahaian idatzi, ume ikusezinei eskolak eman… "Ez da inoiz ulertu Indira (Martinez de Ilarduia) bere gelan zegoela bere eskubidea zelako, baizik eta bertan zegoela nire burugogorkeriagatik".
Segregazioa ikastetxeko beste arloetan ere gertatu zela gogorarazi dute biek. Antzerkiko eskolaz kanpoko jardueran parte hartu nahi izan zuenean, arazoak egon ziren. Jantokian bere ikaskideekin bazkaltzeko ere, trabak. "Indirak etxean besteekin bazkaltzen badu, familiarekin, lehengusuekin, zergatik ez du hala egingo ikastetxean? Ez da horren zaila", hausnartu du Preciadok.
Ikaskideekin harremana ere ez zen erraza izan. Martinez de Ilarduiaren hitzetan, ez zegoen harremanik. "Sartzean agurtzen nuen, eta zortea banuen agurtzen zidaten; nola ez nintzen triste egongo gelara joaten?". Azken ikasturteko azken hilabeteetan lagun taldea lortu zuen, beste gela batekoak. Haiekin izan zuen harremana ordutik. "Oraindik ere harremana dut haiekin; gida ere bidali nien". Horren aurrean helduen erantzukizuna jarri du mahai gainean Noemi Preciadok, eta segregazioaren, bazterketaren eta bakardadearen aurrean bitartekaritza lanaren beharra nabarmendu. "Bakardadea ezin da inoiz justifikatu; neurriak hartu behar dira horrekin amaitzeko".
Egitasmo zabalagoa
Esan bezala, Nola egin zure eskola inklusiboa gida proiektu zabalago baten barruan jaio zen: Quererla es crearla (Maitatzea/nahi izatea sortzea da). Izan ere, ikasleei zuzendutako ekintza proposamena egitasmo zabalago horren ardatzetako bat baino ez da. Eskola barneratzailea lortzeko xedearekin hasitako mugimendu horrek gidak prestatu ditu hezkuntza komunitateko ildo guztietan inklusibitatea sustatzeko: ikasleentzat, hezkuntzako profesionalentzat, familientzat, politika publikoentzat…
Proiektu hori Malagako Unibertsitateko ikerlari talde batek hasi zuen 2018an, ikerketa berri baten inguruan: Narratiba emergenteak eskola inklusiboari buruz. Ignacio Calderon Almendros Pedagogian doktorea atzean dagoen pertsonetako bat da. Etxeetan geratzen diren hamaika bizipenen lekukotzak jaso dituzte lan horren barruan. Calderonek nabarmendu du Indira Martinez de Ilarduiaren moduko bizipen asko daudela gure artean, baina eremu pribatuan geratzen direla, partekatu gabe, ezkutuan dagoen errealitate zabal bat eratuz.
Calderonek gaineratu du bazterketa kasu guztiak "bizipen pribatu" gisa ulertu izan direla, baina nabarmendu du ez direla halakoak. Bizipen horiek "publikoak" direla azpimarratu du, baina pribatizatzen direla. "Eskolak mekanismo aparta du publikoa den zerbait, ezberdintasun soziala, pribatu bihurtzeko: ikasketa espedientea". Ildo horretan, gogorarazi du bazterketaren oinarri bera partekatzen dutela segregazio mota guztiek: maila sozioekonomikoak, jatorriak, etniak, sexu nortasunak, hezkuntza premia bereziek… Horren harira, ikasleen aniztasuna ezberdintasunarekin uztartuta dagoela gaineratu du Calderonek. "Nazionalitate aniztasuna egon daiteke eskolan, baina errealitatea da eskolak ez dituela berdin tratatzen nazionalitate guztiak".
INKLUSIOA ETA EKITATEAREN ALDEKO NAZIOARTEKO ESKOLA SAREA SORTZEKO PROZESUAN ARI DIRA
Gai horri heltzeko, hezkuntzaren muinetako bat gogoratu behar dela hausnartu du Malagako Unibertsitateko ikerlariak: eskolak ezbaian jarri behar duela desberdintasun horiek naturalizatzeko joera. "Ikastetxea espazio garrantzitsua da gizarte harremanak ezbaian jartzeko, eta Inklusibitatearen Aldeko Ikasle taldea horren adibide da: talde bezala eratzea hezkuntza prozesu bat izan da, eta desberdintasunei aurre egin diete". Malagako Unibertsitatearen ikerketa ildoen azpian arlo pertsonala eta estrukturala elkartzeko proposamena dago, Calderonek azaldu bezala. Inklusibitatearen Aldeko Ikasleak jarri ditu adibide gisa, baina hezkuntza komunitateko eragile guztietan berdin gertatzen dela gaineratu du. Bada, ikasleak elkartzen hasi zirenean, ikusten hasi ziren maila pertsonalean bizi zutena estruktura baten barruan zegoela, eta politika publikoak aldatzeko moduan jarri zuten arreta. "Politikoen moduan hasi ziren pentsatzen".
Horrekin batera, ikerlariak gaineratu du aldaketak gertatu zirela talde horren barruko kideengan: elkarren arteko harremanetan, maila pertsonalean… "Horrek ahalbidetu die zerbait boteretsua lortzea: aitortza; eta ez lortu behar den aitortza bat, eskolan ikasten den moduan, baizik eta gizartearen hobekuntza bilatzen duen lan kolektibo baten bitartez lortutakoa".
Begiak nazioartean
Orain arte egindako lanaz gain, Quererla es crearla mugimenduko kideek proiektua zabaltzeko asmoa dute. Inklusioaren eta Ekitatearen Aldeko Nazioarteko Eskola Sarea sortzeko prozesuan ari dira. Bertan izena emateko epea apirilean amaitu zen, eta jasotako erantzuna espero zutena baino handiagoa izan da. Mexiko, Costa Rica, Espainia, Kolonbia, Uruguai, Paraguai, Brasil, Peru, Txile eta Argentinako ikastetxe askok ematen dute izena. Sustatzaileek espero zituztenak baino askoz gehiago.
Luz Mojtar Mendietak, proiektuaren atzean dagoen Malagako Unibertsitateko beste kideetako batek, hausnartu du oihartzun horrek agerian utzi duela gaiaren inguruko ezinegon handia dagoela, eta leku askotan ematen dela. "Erantzuna kudeatzeko modua aztertzen ari gara, baina bi ondorio positibo atera ditugu: batetik, pertsona askok gauzak aldatzeko gogoa dutela; bestetik, ez gaudela bakarrik". Izan ere, Mojtarrek aitortu du arazoa izan dela orain arte ikasle, familia eta profesional asko bakarrik sentitu direla, bakoitza bere testuinguruan.
Hezkuntza barneratzailearen abantailak berresten dituzten hamaika ikerlan daudela nabarmendu du Mojtarrek, baina, praktikan, betiko jokabideak errepikatzen direla gaineratu du. "Baztertutakoek sufritzen dute, eta baztertuak ez direnek ere aitortzen dute Indira (Martinez de Ilarduia) bezalako pertsonekin harremana izateko aukera galtzen dutela".
Malagako Unibertsitateko ikerlariak aztertzen ari dira Nazioarteko Eskola Sarearen lan egiteko balizko moduak, eskola inklusiboak lortzeko prozesuan aurrera egin ahal izateko. Ikastetxe bakoitzak errealitate ezberdina duela kontuan hartuta, aztertzen ari dira eraldaketa prozesua bizi izan duten beste eskolen protagonisten esperientziak partekatzea: ikasleak, aholkulariak, familiak… Hartara, eskarmentu hori kontuan hartuta norberak bere errealitateari heldu ahalko dio.
Dagoeneko Paraguaiko ikastetxe batetik planteatu dute formazioa jasotzea Inklusibitatearen Aldeko Ikasle taldearen partetik. Eta dagoeneko online topaketa batzuk izan dituzte, eta uztailean aipatu taldeko bi kide Paraguayra joango dira formazioa eskaintzera. "Txundituta nago gertatzen ari den guztiarekin", iruzkindu du Mojtarrek.
Ikasle eta aktibista
Indira Martinez de Ilarduiak ez du formazio horretan parte hartuko. Paraguayko eskolako kideak Inklusibitatearen Aldeko Ikasleekin online bildu ziren egunean ezin izan zuen parte hartu. Gaur egun ikasten jarraitzen du, baina aurreko ikastetxetik kanpo. Are, eskolatik proposatu zioten bidetik kanpo ari da ikasten. "Eman zizkioten aukera bakarrak segregatuak eta baztertzaileak ziren, desgaitasunak dituzten pertsonentzako eskaintza espezifikoak", azaldu du Preciadok.
Horren aurrean, langabeentzako formazioan murgildu da Indira. Ez da "askatasunean hartutako erabaki bat" izan, baina pozik dago. Ikasturte honetan egunero joan da ikastera, bere kabuz. "Oso interesgarria izan da", azaldu du. Ikasgaien artean Lehen Sorospenak, Gaitasun gakoak edota Tratu txar eta gizarte bazterketan dauden emakumeekin esku hartzea ditu. "Eskolak oso ondo joan dira; irakasten didate, eta besteei bezala laguntzen didate, bai irakasleek baita ikaskideek ere. Bat gehiago naiz”.
Paraguayko proiektuan parte hartuko ez badu ere, Inklusibitatearen Aldeko Ikasle taldean lanean jarraitzen duela nabarmendu du Martinez de Ilarduiak. "Aktibista" bezala definitu du bere burua. "Elkarrekin jarraituko dugu lanean, elkarri babesa emanez". Bestetik, inguru gertuan lan egiten jarraitzen du. Nazioartean saritutako Nola egin zuren eskola inklusiboa gida banatu du, eta bere aurreko ikastetxera ere heldu da. "Asko gustatu zitzaiela esan zidaten, baina oso gustuko izatearekin ez da nahikoa: erabili behar da". Horren harira, argi du etorkizunera begira egin nahi duena. "Borrokatzen jarraituko dut umeek pasa ez dezaten nik sufritu dudana".
Puntuka
Nola egin zure eskola inklusiboa gida, laburrean (PDF osoa, hemen eskuragarri):
1. Askotariko taldea sortu. Talde bat sortu, eskolak behar bezala artatzen ez dituztenengan arreta jarriz. Inklusibitatea eta ekitatea hobetzeko helburuarekin, barne eztabaida sortu.
2. Erakundea parte hartzaile bihurtu. Taldea eta haren asmoak eskolara jakinarazi, eta irakasle taldean edota familien artean aliatuak bilatu, "eskola komunitatean sortzen delako".
3. Eskola aztertu. Inklusioari buruzko elkarrizketak talde sustatzailea gainditu, eta beste ikasleen esperientziak jasotzea: ikasleen arteko elkarrizketak, galdetegiak, buzoiak…
4. Komunitateak esan duena antolatu. Erantzunak aztertu, eta sortu diren kezkak eta ildoak garatzeko modua aztertu, proposamenak eginez.
5. Komunitateari emaitzak itzultzea, eta erabakiak hartu. Ikerketaren emaitzen berri eman, modu egokienean: batzarra, autobiografiak, performance-ak, collage-ak… Komunitatearen proposamenak jaso, eta egingarriak diren ekimenak planteatzea.
6. Ekintzak garatu eta baloratu. Ekintza zehaztean iraupen bat zehaztu, eta, epe hori amaitzean, egindakoa aztertu. Aztertzean arreta berezia jarri baztertuen egon direnei, eta komunitateari.
7. Komunitatearekin ospatu, informatu eta erronka berriak zehaztu.