Hodei gutxirekin mantenduko da osteguna, arratsaldean bero-hodeiak garatu daitezkeen arren. Ez dute, ordea, urik askatuko. Hegotik egingo du ufa Eolok, eta iparretik arratsaldean. Bero handiko eguna izango da: Euskalmetek abisu horia eman du muturreko tenperatura altuengatik zein baso sute arriskuagatik, eta AEMETek ere urteko laugarren abisu berezia eman du, beroaldiagatik. Gasteizen termometroa 16 eta 33 gradu artean egongo da. Oionen 39 gradura iritsiko da.
Biharko, antzeko agertokia marraztu dute meteorologoek. Zerua hodei gutxirekin egongo da. Eolo, bezperaren jardun berdinean. Tenperaturei dagokienez, 15 eta 31 gradu artean egongo omen dira. Oionen goiko langa 40 graduan egongo da.