Garraio publikoaren proportzioa %4 igo nahi dute 2034rako

Erredakzioa 2024ko uzt. 15a, 17:50

Besteak beste, autobusetan hobekuntza teknologikoak aurreratu dituzte. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Proportzioa %8tik %12ra igo nahi du aldundiak aurkeztu berri duen mugikortasun jasangarriaren planak. 

Hemendik hamar urtera auto pribatuaren erabilera %50etik %38ra igarotzea nahi du diputazioak, eta garraio publikoaren  erabilera zein bizikletaz edo oinez egindako bidaiak handitu, Batzar Nagusietan aurkeztutako Arabako Mugikortasun Jasangarriaren II. Planaren (2025-2034) arabera.

Aldundiak emandako datuen arabera, gaur egun joan-etorrien %50 ibilgailu pribatuan egiten dira; %42, oinez edo bizikletaz, eta %8 garraio publikoan. Planarekin, bizikletaren edo oinezkoen kuota erdira igo nahi dute; ibilgailu pribatuaren erabilera %38ra jaitsi nahi dute, eta %12 handitu garraio publikoaren erabilera.

"Asmo handiko plan errealistatzat" jo du egitasmoa Jon Nogales Mugikortasun diputatuak. Haren hitzetan, "sistema modernoagoa eta eraginkorragoa" lortu nahi dute. Nogalesen irudikoz, planak "zerbitzu segurua eta lehiakorra" eskaini nahi du denborei eta prezioei dagokienez, "ibilgailu pribatuaren alternatiba erakargarria" izateko eta "CO2 emisioak murrizten laguntzeko".

Planak, besteak beste, zerbitzuen maiztasun gehiago, gaueko zerbitzuak, industrialdeetan geldialdiak eta eskualdeko garraioaren erreserbetan "malgutasun handiagoa" proposatu ditu. Modu berean, egitasmoak "autobus modernoagoak eta hobeto ekipatuak" aurreikusten ditu.  

Proposatutako hobekuntzen artean, egungo lineei eutsita, mila biztanletik gorako herrietan gutxienez orduero igarotzea lortu nahi dute; mila biztanletik beherako herriguneetan, berriz, egunean gutxienez lau bidaia ziurtatu nahi dituzte. Modu berean, "udalerri nagusien eta ospitale, ikastetxe, tren geltoki eta autobus geltokien arteko lotura" ziurtatu asmo dute, garraiobide aldaketaren bidez.

Ostiral, larunbat eta jai bezperetako gaueko garraio modalitate berri bat planteatu dute, Gasteiz inguruko gune nagusiak hiriburuarekin lotu nahian. "Ordutegien kudeaketa hobetzeko eta zerbitzu fidagarriagoa eskaintzeko" neurri teknologikoak ezarriko dituzte, eta emakida berrien kontratuetan "atzerapenengatiko zigor handiagoa" sartuko dute. Horrekin batera, protokolo bat finkatuko dute "erabiltzaile bat bera ere ez dadin zerbitzurik gabe geratu". Bide beretik, erreserbetan "malgutasun handiagoa" eman nahi dute.

Garraiobideen intermodalitatea sustatu aldera, Murgian, Amurrion, Laudion, Legution, Agurainen, Dulantzin, Guardian, Oionen eta Gasteizen garraioaz aldatzeko geralekuak paratuko dituzte.

Egitasmoak 68,5 milioi euro bideratzea aurreikusten du. Aurrekontu horretatik, aldundiak 45,8 milioi euro hartuko ditu bere gain. Gainerako 22,7 milioi euroak beste administrazio publikoen kargura joango lirateke: udalen, kuadrillen eta Jaurlaritzaren aurrekontuetara, hain zuzen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago