ELA sindikatuak indartzen jarraitzen du Arabako sektore soziosanitarioetan. Lehen aldiz gehiengo osoa lortu du eremu soziosanitarioko lau sektore nagusietan. Arabako zaintza sektoreko "lan baldintza hobetzeko apustu argia" dauka, sindikatuaren esanetan, eta militantzia osoak egindako lanari eskerrak lortu dela azpimarratu dute.
Desgaitasuna dutenei arreta emateko sektorean dute nagusitasun nabarmenena, ordezkaritzaren %60,9a baitu ELAk. Esku hartze sozialean, adinekoen egoitzetan eta etxez etxeko laguntzan ere ordezkarien erdia baino gehiago dira haienak, %53,8, %56,9 eta %54,3, hurrenez hurren. Sindikatutik adierazi dute zaintza lan "duinak, unibertsalak eta kalitatezkoak" lortzeko dinamikak eta mobilizazioak bultzatzen jarraituko dutela.
LAB sindikatuaren urteko balorazioa
Azken urtearen balantzea egin dute LAB sindikatuko arduradunek, eta "euskal esparru propioa" sendotu izana goraipatu dute. "190 borroka piztu" dituztela jakinarazi dute, eta horietatik 84 gatazkatan erabili dute greba borrokarako tresna gisa, ia erdian. Sektore mailako borrokek behera egin dute azken urtean, eta enpresa mailakoek egin dute gora, 155 lan gatazka piztu baitira enpresetan. Zabaldutako gatazketan hamarretik lau itxi dituztela jakinarazi du sindikatuak (%46,3).
50 urte beteko ditu LAB sindikatuak udazkenean, eta gatazkak eta borrokarako joera mantendu izana positiboki baloratu dute. Hitzarmen kolektiboen defentsarakoak izan dira lan gatazken gehiengoa (%51,1), eta garrantzia handia izan dute, baita ere, "patronalaren erasoei aurre egiteko" gatazkek. Izan ere, borroka guztien herena izan dira itxiera, kaleratze, aldi baterako enplegu erregulazio espediente eta antzekoei aurre egiteko hasitakoak. Jazarpen sindikala oso nabaria izan dela ere salatu dute.