Ekainera arte zergetan 1.000,4 milioi euro bildu dituela ezagutarazi du gaur Arabako Foru Ogasunak, iazko tarte berdinarekin alderatuz kopurua %7,7 handituz.
Diru bilketaren igoera horretan batez ere zeharkako zergek izan dute eragin handiena. Izan ere, horiek %10,6 handitu dira. Zerga zuzenak, berriz, %5,1 handitu dira. Orotara, 71,5 milioi euro gehiago jaso du foru erakundeak.
Zuzeneko zergen bitartez 454,3 milioi euro jaso ditu Arabak. Horietatik 376,1 milioi Pertsona Fisikoen Gaineko Zergaren bidez eskuratu dira. Lanaren atxikipenengatik eta lanbide jardueragatik bildutako kopurua 483,9 milioi izan dira. Sozietateen gaineko zergaren bidez, berriz, 52,7 milioi jaso dituzte.
Zeharkako zergei dagokienez, 483,6 milioi euro bildu dituzte lehen seihileko honetan. BEZari esker nabarmen hazi da bilketa: 333,9 milioi euro jaso dira, iazkoan baino %16,2 gehiago. Hidrokarburoen gaineko zerga, berriz, 94,4 milioi bildu dira, iazkoa baino % 5,1 gutxiago.
Ogasun Sailaren arabera, zergen bidezko diru sarreren handitze horrek "jarduera ekonomikoaren portaera ona" adierazten du. Itziar Gonzalo Ogasun diputatuaren esanetan, diru gehiago patrikaratu arren, aldundiak "zuhurra" izan behar du. "Preskribatu gabeko aurreko ekitaldiei dagozkien mutualisten erreklamazioen ondoriozko zenbatekoen itzulketak eta sozietateen gaineko zergaren kanpainaren bilakaerak eragina izango dute diru bilketan", aurreratu du.