ARABALANDA Landa Garapenerako Elkarteen Federazioak eta CaixaBankek sustatutako "Aukeren Lurraldea" deialdian landa garapenerako sei proiektu arabar saritu dituzte.
Ostiralean Zurbanon egindako topaketa batean, "Arabako 40 ekintzaile eta ordezkari ekonomiko, sozial eta instituzional baino gehiago bildu dira", Jaurlaritzak zabaldutako prentsa ohar batean jasotakoaren arabera. Bertan, ekintzaileek beren proiektuen gaineko historia eta bidean aurkitu dituzten "egoerak" azaldu dizkiete bertaratutakoei.
Zehazki, honakoak dira saritutako proiektuak: Ingoin Koop. Elk. Txikia diseinu estrategiko parte hartzaileko enpresa (Barrio); Yurema Busteros fisioterapia eta ekinoterapiako enpresa (Arraia-Maeztu); hegaztiak hiltzeko "proiektu berritzailea" eskaintzen duen Lautadan Bertan S.Coop. (Okiturri); edertasun produktuak eta elaborazio tailerra dituen Lamio Biocosmetica (Manurga); tokiko produktuetan oinarritutako janari prestatuak eskaintzen dituen Entrerrecetas (Guardia); eta fisioterapia eta osasun zerbitzuak eskaintzen dituen Sustraiak (Artziniega). Negozio bakoitzari 1.000 euroko sari bana eman diote.