Sua egitea debekatua dago Araban, leku batzuetan salbu

Erredakzioa 2024ko uzt. 11a, 12:31

Erretegi bat parkean. Argazkia: AFA

Suteak saihesteko iaz hartutako neurriak mantendu ditu Foru Aldundiak. Salbuespen bezala, baimenduta dago Amurrioko San Roke, Laudioko Santa Ana, Artziniegako La Encina, Bastidako San Gines, Izarrako Ostuño eta Santikurutze Kanpezuko Fresnedo parkeetako erretegiak erabiltzea.

Arabako Foru Aldundiak gogorarazi du lurralde osoan debekatua dagoela sua egitea, iaz onartutako foru aginduak indarrean jarraitzen baitu. Suteak gertatzeko arriskua saihesteko neurria mantendu du Aldundiak, eta landa ingurune osoan ezingo da surik egin, mendi publiko edo partikularretan, parke naturaletan, parke probintzialetan, aisiako tokiko parkeetan, eta ezta Arabatik igarotzen diren errepideetako atseden guneetan ere. Erretokiak, barbakoak edo "sua egiteko edozein instalazio eramangarri edo finko" erabiltzea ere debekatua dago.

Erretegiak erabiltzeko salbuespen batzuk badaude, hala ere, segurtasun neurri bereziekin eraikitako lekuetan. Amurrioko San Roke, Laudioko Santa Ana, Artziniegako La Encina, Bastidako San Gines, Izarrako Ostuño eta Santikurutze Kanpezuko Fresnedo parkeetako erretegiak erabiltzeko aukera izango da udan zehar.

Beste salbuespen bat ere badago barbakoa edo erretegientzako. Erabili ahal izango dira "obra finkoan egindako eraikuntzari esker kontserbazio egoera onean" dauden barbakoa edo erretegiak, edo "osorik estalita daudenak eta txinpartak itzaltzeko sistemadun tximinia" dutenak. Beti ere, Mendi Zerbitzuaren berariazko baimena izan beharko dute instalazioek.

Aurten ez dute isunen zenbatekorik zehaztu, eta ez dute argitu noiz arte iraungo duen debekuak. Hala ere, iazko araudiaren jarraipen gisa aurkeztu dute aurtengoa. Iaz 1.000 euroko isunak ezarri ziren araua hautsi zutenentzat, eta irailaren 18a arte iraun zuen indarrean neurriak.

Sute arrisku oso handiko garaietarako neurri bereziak

Debeku gehigarriak ezartzeko aukera ere aurreikusten du araudiak, baldin eta Euskalmet Meteorologia Zerbitzuak sute arrisku "handia edo muturrekoa" ikusten duenean. Behin-behinean bertan behera geldituko lirateke espazio irekian sua pizteko emandako baimen guztiak, izan sastrakak erretzeko, edo larreko, inausketako edo basoko hondarrak erretzekoak.

Errepide sareko atseden leku, jolas gune edo kanpalekuetan sua piztea ere debekatua geldituko litzateke, arriskua pasa artean. Berdin txinpartak edo deskarga elektrikoak sortu ditzaketen makina eta ekipoekin, eta debekatua egongo litzateke material piroteknikoa sartu, erabili edo botata uztea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago