Arabako Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote etxeko ospitaleratze zerbitzua lurralde osoan hedatzea. EH Bilduk aurkeztutako mozioaren harira dator eskaria, eta PPren zein Elkarrekin Arabaren babesarekin atera da aurrera. "Pazientearen segurtasuna bermatzea" da helburua, EH Bilduk azaldu duenez. EAJk eta PSEk mozioaren kontra bozkatu dute.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren informazioaren arabera, Bizkaian eta Gipuzkoan, zerbitzuak lurralde osoko pazienteak artatzen ditu, baina Araban Etxeko Ospitalizazio Zerbitzutik kanpo daude Izarra (Urkabustaiz), eta Añana Kuadrillako zein Arabako Mendialdeko udalerriak. Gainera, Arabako Errioxako ESIko udalerrietan, Logroñoko Ospitaletik eskaintzen da zerbitzu hori, eta soilik Onkologia Zerbitzuan arreta jaso duten zainketa aringarrietako pazienteei zuzenduta.
"Arabako landa ingurunean bizi diren pertsonen diskriminazio nabarmenaren aurrean gaude, beraz. EH Bilduren iritziz, horrek ez du lekurik despopulazioaren aurkako diskurtso orokor batean, eta Arabako landa inguruneko zerbitzuak sendotzeko eta hobetzeko politiken kontrako norabidean doa".
Etxeko ospitaleratze zerbitzua zabaltzeaz gainera, Lezako ospitalea eskualdeko ospitalea izateko behar besteko baliabideak ematea ere eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari batzar nagusiek, etxeko ospitaleratze eta bestelako arreta soziosanitarioko zerbitzuak eman ahal izateko.
Halaber, beste hiru puntu gehitu zaizkio EH Bilduren jatorrizko mozioari, Elkarrekin Arabaren bat eta PPren beste bi, landa eremuan osasun arreta zabaltzea eta udako ordutegi murrizketak berrantolatzea eskatuz, baita anbulantzien zerbitzua lurralde osoan birplanteatzea eskatuz ere.