Vitoria-Negrasteiz, eleberri beltz eta poliziakoaren nazioarteko jaialdiak bigarren edizioa izango du irailean eta urrian. Krelia, Arabako literatura sortzaileen elkarteak antolatzen du ekimena, Gasteizko Udalak, Arabako Aldundiak eta Vital Fundazioak lagunduta. Arabako, Euskal Herriko eta nazioarteko idazle nabarmenak izango dira Araban, hala nola, Cesar Perez Gellida eta Leonardo Padura.
Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Kultura zinegotziak esan du "geratzeko iritsi" dela jaialdia, iazko arrakastaren ondoren. Literaturari buruzko mahainguruak izango dira nobela beltza eta poliziakoari buruz, baita sakoneko elkarrizketak eta liburu sinaketak ere. "Generoa maite duten guztientzat dago zerbait", antolatzaileek nabarmendu dutenez, "thriller erakargarriak, detektibe intrigatzaileen istorioak eta askoz gehiago".
Urriaren 4, 5 eta 6an Gasteizko Europa Jauregian bilakatuko da genero literarioaren "erdigune neuralgikoa". Baina Arabako herrietara ere zabaldu nahi izan dute jaialdiaren eskaintza aurten, eta irailaren 26 eta 28an Amurrion eta Zuhatzu Kuartango izango dira ekimenak, hurrenez hurren.
Aipatutako idazleez gain, jaialdian izango dira Jose Francisco Alonso, Laura Azcona, Vanesa de la Puente, Patricia Jimenez, Tania Lagunilla, Haizea Lopez, Leire Mauleon, Alex Oviedo, Marisol Perez Urbano, Carlota Suarez, Samuel Vernal, Natxo Artundo, Juan Mari Barasorda, Jesús Camarero, Luis Angel Fernández de Betoño, Fatima Frutos edo Maria Santorum Alaña.
Sariak ere izango dira jaialdian. Generoko lan onenak baloratzeko, Elkar-Krelia-NeGrasteiz Sariak emango dira, euskarazko eta gaztelaniazko genero beltz eta poliziakoko lanak sarituz. Araba literatura genero honen erreferente bilakatzen doa urtez urte, antolatzaileen esanetan.