Tokiko Erakundeak Finantzatzeko Foru Funtsaren erdia atxikiko die Arabako Diputazioak zortzi kontzejuri, 2023. urteko kontuak bidali ez dizkiotelako.
Zehazki, foru erakundeak hartutako neurriak honako kontzejuei eragingo die: Apilaiz, Astegieta, Karanka-Mioma, Eskibel, Ginea, Melledes, Erretes Lanteno eta Zuhatzu. Hilaren 2an egindako foru gobernu kontseiluan onartu dute neurria, ALEAk jakin duenez.
Joan den maiatzean diputazioak berrogei bat kontzejuri ohartarazi zien urteko kontuak aurkeztu gabe zituztela, eta hamar eguneko epea eman zien alegazioak aurkezteko. Besteak beste, Ametzaga, Asparrena, Korres, Erdoñana, Páganos, Santikurutze Kanpezu edota Uribarri Gaubea zeuden hasierako zerrenda horretan.
Horietatik gehienek alegazioak aurkeztu zituzten, diputazioaren finantzazioaren izoztea saihestuz. Zortzi kontzeju horiek, baina, ez zuten alegaziorik egin, eta, ondorioz, finantziazioaren erdia izoztuta izango dute kontuak aurkeztu bitartean.