Atzoko iragarpenak gaurkorako egun argitsua agintzen zuen arren, azkenean hodeitza azaldu da, eta arratsaldearen amaierara arte geratuko bide dira hodei grisak. Are, ordu horien bueltan zaparradaren bat bota dezake, Euskalmeten arabera. Alabaina, AEMETek dio goizean ere euria egin dezakeela. Eolo hegotik ibiliko da, eta ipar osagaia hartuko du arratsaldean. Gasteizen 15 eta 29 gradu arteko aldea egongo da.
Bihar hobera egingo omen du, hodeiak eta ostarteak tartekatuko direlarik. Bezperaren bide beratik, hego haizea izango dugu goizean, eta iparraldekoa arratsaldean. Eguzkiaren jarduna maximoetan nabarituko da, hiriburuan 14 eta 32 gradu arteko alde termikoa izango baitute.