Ofizialki hasiera eman diote gaur, Añanako gatz haranean, 2024ko gatzaren uztari. Etxebarri erretegiko Bittor Arginzoniz izan da ohorezko enbaxadorea, eta, eskerrak emateko hitzaldian, artisau gatzak goi gastronomian duen garrantzia nabarmendu du, bai eta platerei gehitzen dien balioa ere, "zapore naturalak areagotzen baititu".
Arginzonizek kanpainako lehen gatza bildu du maisu gatzgileekin batera. Keinu sinboliko horrek abiarazi du uztaren hasiera. Izendapen horrekin, enbaxadore izan diren sukaldari handien zerrendara batu da; Andoni Luis Aduriz, Eneko Atxa, Martin Berasategi, Jose Carlos Fuentes, Dani Garcia, Diego Guerrero, Iñaki Murua eta Carolina Sanchez, Francis Paniego, Juan Roca, Pedro Subijana, Oscar Velasco, Joanna Artieda eta Edorta Lamok izan dira aurretik.
Uzta, irailera bitarte
Bestalde, Pablo de Oraa Añanako Gatz Harana Fundazioko zuzendari kudeatzaileak adierazi du aurtengo ekoizpena, maiatzeko eta ekaineko euriteak gorabehera, espektatiba handiekin hasiko dela, eta aurreikusitakoaren arabera irailera arte luzatuko dela. Halaber, esan du 25 tona gatz lore eta 150 tona iturburuko gatz batzera iritsiko direla, estatuko eta nazioarteko merkatuek gero eta interes handiagoa dutelako.