Euskal Herriko beste 59 elkarterekin batera, Gaden talde kontserbazionista Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak katu koloniak kontrolatzeko proposatu duen araudiaren kontra azaldu da.
Ohar batean kontserbazionistek adierazi dutenez, Eudelek udal guztietarako araudi bateratua aurkeztu du, EAE zein Espainia mailan animalien ongizaterako martxan jarri diren bi legeak udal araudietara egokitzeko. 2022ko EAE mailako legea eta 2023ko Espainia mailako legeak dira horiek. Duela hamar hilabete inguru bukatu zen epea udalek lege berri horien arabera beren ordenantzak arautzeko, baina, Gadenen arabera, udal gehienak Eudelen proposamen bateratuaren zain geratu dira.
Udalen elkarteak orain proposatutako ordenantza ikusita, kontserbazionistek uste dute proposamen hori bi legeek adierazitakoaren kontra doala, EAE zein Espainia mailako legeen edukiak "modu traketsean nahasten" dituelako, animalientzako "oso kaltegarri" izanik.
Kontserbazionistek diote katu kolonien kudeaketari buruzko zatia "onartezina" eta "errealitatearen ezagutzaren kontrakoa" dela. Hala, katu kolonien kontrola udalek errekonozitutako kolonia zehatz batzuetara mugatzeak katu gehienak esterilizatu gabe utziko dituelakoan daude. "Ez du ezertarako balio katu batzuk esterilizatzeak eta beste batzuk kontrolik gabe ugaltzen uzteak", adierazi dute. Uste dute Eudelen proposamenak "eraginkorra izango ez den gastua" ekarriko duela, bai eta katuen kudeaketan parte hartzen dutenen "nekea" ere. Erantsi dute "kaleetan bizi diren katuek albaitari zaintza" behar dutela, eta animalien eta gizakien osasuna bateratzen dituen One Health kontzeptuaren beharra azpimarratu dute.
Iragarri dute "beharrezko neurri legalak" hartuko dituztela "legearen kontra doazen ordenantzak" egiten dituzten udalen aurka jotzeko.