Eusko Ikaskuntzak eta Euskal Herriko 78 toki hedabide biltzen dituen TOKIKOM elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu dute "egoera soziokulturalari eragiten dioten gaiak gizarteratzeko".
Eusko Ikaskuntza erakundearen lehendakari Ana Urkizak eta TOKIKOMen zuzendari nagusi Alaitz Artolazabalek Bilbon sinatu dute hitzarmena, erakundeon arteko "harremanak sendotu" eta elkarlan ildoetan "sakontzeko" asmoz. Modu berean, "elkarrizketa sustatu eta sinergiak sortu" asmo dituzte.
Ohar batean bi erakundeek ezagutza trukatzeko konpromisoa adierazi dute. Adostutakoaren gaineko jarraipena egiteko batzorde bat eratuko dute.
Urkizaren hitzetan, "hitzarmen honek Euskal Herriko txoko anitzeko errealitateetara hurbiltzen gaitu, elkar ezagutzeko, hausnartzeko eta batera erronkei erantzuna emateko bidea zabalduko duelarik". TOKIKOMeko hedabideek emandako tokiko gertutasuna "ezinbestekotzat" jo du Eusko Ikaskuntzaren lehendakariak.
Artolazabalek azpimarratu du hitzarmenari esker tokiko hedabideek aukera izango dutela Eusko Ikaskuntzak "hizkuntza, kultura eta ezagutzaren bueltan egiten duen lanketa gizarteratzeko", eta, modu berean, "aukera paregabea" egongo dela "proiektu pausatuagoetan sarbidea izan" eta toki komunikabideetan "sakon aztertu eta zabaldu ahal izateko".
Hitzarmenaren ondorio praktiko lehenetako bat urriaren 2tik 4ra gauzatuko da, data horietan Eusko Ikaskuntzak Gasteizen antolatutako Elkartzen Gaituena XIX. kongresuko babesle izango baita TOKIKOM.