Atzokoaren bidetik joango da gaurkoa. Oro har, zerua hodei gutxirekin edo oskarbi geratuko dela iragarri du Euskalmetek. Haizearen osagai nagusia mendebaldekoa izango da, baina gehienetan ez du aparteko indarrik izango. Tenperaturei dagokionez, atzokoaren bueltan izango dira, eguneko tartea Gasteizen 11 eta 24 gradu artean geratuko baita.
Biharko aldaketa gehiago espero dira, batez ere arratsaldean. Eguna goiz lanbroarekin hasiko da, eta gero nahiko garbi mantenduko da, arratsaldera arte. Orduan igarriko da aldaketa nabarmenena, bero hodeiak garatuko direlako. Horien ondorioz zaparrada trumoitsuak bota ditzake. Eolo bezperan baino pixka bat indartsuago ibiliko da, ipar eta eki osagaiarekin. Bero nabarmena izango da, eguna 13 graduren bueltan hasi eta 34 gradura arte iritsi daitekeelako.