Aldundiak sei zigor espediente zabaldu ditu aurten autobusetan irisgarritasuna ez bermatzeagatik

Erredakzioa 2024ko uzt. 3a, 10:57

Alavabuseko autobus guztiek izan behar dute irisgarriak. Argazkia: AFA

Igogailu plataforma martxan ez izateagatik zabaldu dira espedienteak, aurreko urteetakoen bikoitza. Aurten kexa formalik ez da jaso, baina emakume batek Laudiora taxian joan behar izan zuen, igogailua matxuratua zegoelako.

Arabako Foru Aldundiak sei zigor espediente zabaldu dizkie aurten Alavabuseko autobusak kudeatzen dituzten enpresei, mugikortasun urriko pertsonentzako igogailuak martxan ez izateagatik. Hala azaldu du Jon Nogales Bide Azpiegituren diputatuak, EH Bilduren galderei erantzunez. Ausaz egindako ikuskapenetan aurkitu dituzte autobusen akatsak, Bide Azpiegituren sailak Miñoiekin batera egindako azterketetan.

Foru Aldundiari zerbitzua ematen dioten autobus guztiek izan behar dute mugikortasun urriko pertsonentzat eta gurpil aulkientzat egokitutako sarbidea, eta gidari guztiek jakin behar dute tresneria nola erabili. Aurreko urteetan bizpahiru espediente zabaldu dizkie aldundiak autobus enpresei irisgarritasun plataforma martxan ez izateagatik, eta 2024an sei zigor espediente zabaldu ditu jadanik, horietako bat bukatuta dago jadanik, eta zegokion zigorra ezarrita, gainerakoak tramitean.

Laudio-Gasteiz linean emandako gertakari baten harira egin du galdera EH Bilduk. Maiatza bukaeran mugikortasun urriko pertsona batek ezin izan zuen autobusean sartu, plataforma igogailua ez zebilelako. Gidariak, matxura ikustean, garraio alternatiboa eskaini zion erabiltzaileari, eta taxian joan zen Laudioraino, autobus enpresak ordainduta. Nogalesek adierazi du gidariak modu egokian bete zuela halako kasuetarako ezarritako protokoloa.

Autobus guztien sistema egiaztatu behar da

Protokoloak agintzen du autobus bakoitza atera aurretik egiaztatu behar direla irisgarritasun sistema, eta matxuratua izatekotan aldatu egingo da autobusa. Matxuratutako autobusa zuzenean eraman behar da konpontzera, eta ezaugarri antzekoak dituen beste ibilgailu batekin ordezkatuko da. Plataformak edo bestelako gailuren bat ez badabil erabiltzailea igo behar den unean, doan eskainiko zaio garraio alternatiboa.

Hala ere, protokoloan zehazten da autobus enpresek erabiltzaileei gomendatu behar lieketela tokia erreserbatu eta 24 orduko aurrerapenez jakinarazteko haien bidaia, "bermatzeko nahi duten egun eta orduan" egin ahal izango dutela bidaia. Berez autobus guztiek izan beharko lukete irisgarriak, aurrez jakinarazi gabe ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago