Arabako aldaketa demografikoen inguruko aurreikuspena egin du Espainiako Estatistika Institutuak (INE), azalduz nolakoa izango den biztanleria 2039. urtean. Aurreikuspena besterik ez da, noski, bete daitekeena egungo egoera antzekoan jarraituz gero, baina gizartearen eta politikaren aldaketek norabide aldaketa eragin dezakete.
2039an biztanle gehiago izango dira Araban. 21.000 pertsona gehiago aurreikusi ditu INEk, 338.000 inguru izatetik 359.000 izatera igarota. Zaharragoa ere izango da biztanleria, 48,5 urtekoa batez bestean, egun baino ia hiru urte zaharragoa. 65 urtetik gorakoei erreparatuta, %28,9a izango direla diote, egungo %22,9aren aldean. Menpekotasun tasa ere igo egingo da, hau da, 65 urtetik gorakoek eta 16 urtetik beherakoek biztanleria osoarengan duten pisua. Aktibo dauden langileek mantendu behar izaten dute "menpeko biztanleria", eta erronka handitu egingo da datozen urteetan.
Bakartuagoa ere egongo da gizartea hamabost urte barru, etxebizitzari dagokionez behintzat, askotan zahartzearekin loturiko fenomenoa. 62.000 pertsona biziko dira bakarrik Araban 2039an, aurreikuspenen arabera. Egun 46.000 etxebizitza daude pertsona bakarrarekin. Orokorrean jaitsiko da etxebizitzetako bizilagun kopurua, izan ere, bi pertsonako etxebizitzak ere igo egingo dira, 44.000 izatetik 53.000ra.
Atzerritarren ehunekoa ere haziz joango da datozen urteetan, INEren esanetan. Arabarren laurdena, %25,6, atzerrian jaiotakoa izango da, 92.000 pertsona guztira. Egun 52.000 atzerritar bizi dira Araban, biztanleriaren %15,3a. Jaiotza kopurua ere igo egingo da, 2.618 haur jaioko direla aurreikusten da 2039rako, egungoak baino 400 gehiago, gutxi gorabehera. Hala ere, heriotza kopurua handiagoa izango da jaiotzena baino. Batez bestean, urtero, mila pertsona gehiago hilko dira jaioko direnak baino.