Supernormales lanagatik izan zen iaz, eta Forever lanagatik aurten. Berriz ere, uzta oparoa jaso du Iñaki Rikartek Max sarietan, Espainiako arte eszenikoetako obra onenen sarietan. Eszena zuzendari onenaren saria eta antzerki egile onenarena jaso ditu zuzendari gasteiztarrak; azken aitortza hau Kulunka konpainiako Garbiñe Insausti, Edu Carcamo eta Jose Daultekin batera.
Lau izendapen zituen Forever maskara obrak, eta bi eraman ditu etxera. "Antzerkia arte kolektiboa da, eta ongi dago gogoratzea bakarkako sari bat ematen dizutenean. Horregatik, Garbiñe Insausti, Edu Carcamo eta Jose Dault; sari hau zuena ere bada", esan du Rikartek lehendabiziko saria jasotzean. "Zorionak erakutsi duzuen ausardiagatik. Zortzi hilabeteko lana obra aurrera ateratzeko: hau, gaur egun, ez da ohikoena antzerkian". Umorez eta ironiaz islatzen ditu maitasunaren kontraesanak Forever lanak, eta, horien bidez, fokupean jartzen ditu hainbat gai, hala nola gurasotasuna, heziketa, desgaitasuna, gehiegizko babesa, sexualitatea eta indarkeria.
Gasteizko Larrua dantza konpainiak ere bi izendapen zituen aurten La casa vacía obragatik, baina saririk gabe joan da azkenik Tenerifen ospatu den jaialditik. Antzerki ikuskizun onenaren Max saria aurten CDNren Falsestuff. La muerte de las musas obrak irabazi du, Natalia Huartek eta Eduard Fernandezek jaso dituzte aktore onenen sariak, eta ohorezko Max saria Nuria Espertentzat izan da.