1936. urtearen bueltan Guardian izandako indarkeria politikoa xehetasun handiz aztertu duen No vuelvas si no vences liburuaren aurkezpena egin dute Gasteizen. Duela bi aste Guardian lehen aurkezpena egin ostean, hiriburuaren txanda izan da orain, astelehen arratsaldean Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxean egindako aurkezpenarekin.
Javier Gomez Calvo EHUko historialaria eta liburuaren egileak ez ezik, Raquel Zabala Arabako Errioxako Kuadrillako lehendakariordeak eta Antonio Rivera Historia Garaikideko katedradunak ere parte hartu dute liburuaren aurkezpenean.
"Estatu kolpean zein ondorengo gerra zibilean errepresioa, jazarpena, umiliazioa eta indarkeriazko heriotza nozitu zituzten pertsona guztiak" gogoan izateko garrantzia azpimarratu du Zabalak. "Beren duintasuna berreskuratu behar dute; bai beraiek zein baita isilpean denbora luzean negar egin zuten senide guztiek ere", aldarrikatu du.
"Biktimetan baino, indarkeria bultzatu zutenengan jarri nahi izan dut arreta liburu hau idaztean", azaldu du Gomez Calvok. Ez da metodologia historiografikora mugatutako erabakia, garaiko errealitatearen isla baizik. Historialariak azaldu duenez, estatu kolpea eta bi egunera ez zegoen Araban autoritate militarrik, lurraldeko guardia zibil guztiak Gasteizera eraman zituztelako. Agintari militarrik gabeko hiru hilabete horietan izandako indarkeriaren atzean batez ere herritarrak egon zirela gogora ekarri du Gomez Calvok, eta, beste zenbait lanetan bezala, faktore honen atzean dauden zioak azaltzen ahalegindu da oraingoan ere.
Riverak nabarmendu du egileak izan duen "begirada luzea", karlistaldien garaira atzera egin duelako Gerra Zibilaren ingurukoak ulertu ahal izateko, eta garai historikoak aztertzeko ikuspegi mikrohistorikoaren garrantzia ere azpimarratu du.