Gazteengan adikzioak prebenitzeko ekintza ugari egingo ditu Aldundiak udan

Erredakzioa 2024ko uztailaren 1a

Adikzioen prebentziorako informazioa. Argazkia: Arabako Foru Aldundia.

Drogen test eta analisiak egiteko eta informazioa zabaltzeko guneak jarriko dituzte hainbat herritan. Berrikuntza gisa, 'escape room' bat izango da hainbat herritan ludopatia eta apustuen prebentzioa lantzeko.

Gazteak oporretan eta herrietako jaiak nonahi dauden honetan, adikzioen aurkako kanpaina abiatu du Arabako Foru Aldundiak. Urriaren lehen hamabostaldira bitartean 50 prebentzio ekintza antolatu ditu 12-18 urte bitarteko gazteentzat.

Jardueren artean, gazteekin jai guneetan zuzenean esku hartzea egingo da, substantzia estupefazienteen analisia egiteko edota alkoholari eta beste droga batzuei buruzko informazioa banatzeko, arriskuak murrizte aldera. Dozenaka esku hartze egingo dira Añana, Aiara, Gorbeialdea, Guardia-Arabako Errioxa, Arabako Mendialdea eta Arabako Lautadako kuadrilletan.

Ludopatia eta apustuen prebentzioa

Escape Room ibiltaria antolatu du Aldundiak aurten, berritasun gisa. Dozena bat herritan izango da abuztuan, Guardia, Eltziego, Bastida, Lapuebla de Labarca, Oion, Langraiz Oka, Ribabellosa, Murgia, Maeztu, Santikurutze Kanpezu, Dulantzi, Araia eta Agurainen. 14-15 urte bitarteko nerabeentzat dago pentsatua, eta bertan ludopatia eta apustuen arriskuen inguruko informazioa jasoko dute escape roomeko pista ibilbidea osatzen duten bitartean.

Herri bakoitzeko udal igerilekuaren sarrera inguruan kokatuko dute ihes gela, eta bospasei gazteko taldeetan egingo dute jarduera. Metodologia ludiko eta parte hartzailea erabili nahi izan dute jokoari adikzioa lantzeko.

Ostalariak prebentziorako agente

Edari alkoholdunen banaketa arduratsua sustatuko du Aldundiak ostalarien artean. Horretarako, udal igerileku, kirolgune eta naturguneetako tabernetan prebentzio jarduerak egingo dira, Preben-Uda Splash programaren bidez. Bertako ostalariek edari alkoholdunak arduraz saltzeko baliabideak ematea da helburua, prebentzio agente bihurtu daitezela, arriskuak murrizten lagundu dezaten. Añana, Gorbeialdea eta Aiarako kuadrilletako udalerrietan izango da programa hau martxan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago