Arabako Ogasunak zordun handien zerrenda argitaratu du, 2023ko abenduaren 31ko datuekin. 600.000€ baino gehiagoko zorra duten 47 enpresa eta sei norbanako zerrendatu ditu Ogasunak, guztira 160,3 milioi euro utzi dituzte ordaindu gabe denen artean.
2022an aldatu egin zen Ogasunari zor diotenak zerrendatzeko modua. Zerrendan sartzeko muga 600.000€ra jaitsi zen, eta erantzule solidarioak ere sartu ziren bertan. Horregatik ezin da alderatu 2023ko datua aurreko urteetako datuekin. 53 enpresa eta norbanako hauetatik 28 porrot prozeduretan sartuta daude edo egon dira, eta hauek osatzen dute zor guztiaren %65,84a.
47 enpresa daude zordun handien zerrendan, eta 134,5 milioi euroko zor edo zehapenak dituzte, guztiek batera. Pertsona fisikoen kasuan, aldiz, sei agertzen dira Ogasunak argitaratutako zerrendan, eta 25,8 milioi euro zor dituzte seiren artean. Arabako Ogasunak jakinarazi du zerrendan ez direla agertzen milioi bat eurotik gorako zorra duten erakunde guztiak. Izan ere, ez dira sartu zorrak atzeratuta, zatituta edo etenda dituztenak, edo ordaintzeko borondatezko epean daudenak.
Hamabi enpresa edo pertsona dira 3 milioitik gorako zorra dutenak. Goya Sesenta y Nueve SL enpresa da lehena, 19.499.869,65€ko zorrarekin, eta jarraian datoz Guillermo Ignacio Asarta Albizu (14.002.719,21€) eta Eguren Vitoria SA (12.609.943,38€). Ros Casares Centro del Acero SL eta Urco & Urbasa UTE enpresek ere hamar milioi eurotik gorako zorra dute, 11.960.576,27 eta 11.915.618,30€, hurrenez hurren, eta Grupo Itcarcris SPE SL enpresak 9.086.895, 57€ zor dizkio Ogasunari. Zerrenda osoa ikusi daiteke hemen sakatuta.