Arabako Diputazioa osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSEk, akordioa lortu dute PPrekin, Arabako 2024ko aurrekontuaren neurri osagarrien foru arauaren proiektua onartzeko. Zehazki, aurrekontuari 9,8 milioi euro gehitzea ahalbidetzen duen foru araua onartuko dute. Arabako EH Bilduko batzarkide taldeak deitoratu du foru gobernua "eskuinerantz lerratzea, PP lehentasunezko bazkide gisa aukeratzean".
Foru gobernuak oposizioko talderen baten babesa behar zuen, EAJ eta PSE-EE gutxiengoan baitaude Batzar Nagusietan, eta orain onarpena bermatzen da PPren bederatzi botoekin. Hain zuzen, PPk 18 zuzenketa erregistratu zituen proiektuan, 2,7 milioi euroko zenbatekoan. Zuzenketa horiek gazteek etxebizitza eskuratzeko, adinekoei arreta emateko, merkataritzari laguntzeko eta landa eremuetako zerbitzuak eskaintzeko bideratuko dira, Iñaki Oiartzabal PPren Arabako presidenteak adierazi duenez.
Oiartzabalek nabarmendu duenez, aurrekontuaren neurri osagarriak onartzearekin Gasteizko Basque Culinary Center eta Guardiako ardoaren zentroa bezalako proiektuak aurrera ateratzea bermatzen da, baita Jundizko automobilgintzako fabrikazio aurreratuko zentroa eta Forondako aireportuari laguntzea ere. Halaber, 100.000 euroko partida bat gehituko da aurten, eta milioi erdiko konpromiso kreditu bat hurrengoan, 35 urte arteko gazteei zuzendutako abalwn programa baterako, lehen etxebizitza erosteko. Gainera, 900.000 euro gehiago emango zaizkie mendeko pertsonak zaintzen dituzten familiei, "bost urte izoztuta zeramatzaten laguntzak", Oiartzabalek gogorarazi duenez. Sartuko den beste partida bat zaintzaileak kontratatzeko aurrekontua 350.000 euro handitzea da, etxez etxeko arretarako programa 300.000 eurorekin indartzea eta beste 615.000 euro egoitzetako 30 plaza berri hitzartzeko. PPko burua azaldu duenez, 100.000 euroko partida bat ere sartu dute aurrekontuetan, eta beste milioi erdiko konpromisoa datorren ekitaldirako, 55 urtetik gorako langabetuak kontratatzeko zuzeneko laguntzetarako.
EH Bildu: "Ez ditu funtsezko gaiak jorratzen"
Arabako EH Bildu batzarkide taldeak EAJk, PSEk eta PPk iazko aurrekontu luzatuaren osagarri izango den foru arauari buruz ostegunean iragarritako akordioaren balorazioa egin du. EH Bildu Araba batzarkide taldeko bozeramaile Eva Lopez de Arroiabek esan du uste dutela akordio ez dela ona, "ez dituelako funtsezko gaiak jorratzen, hala nola energia modu deszentralizatuan eta demokratikoan sortzea, makrozefaliari eta lurralde osoan dituen etxebizitza arazoei aurre egiteko neurriak edo zaintzen pribatizazioan sakontzea".
Lopez de Arroiabek uste du akordioak, gainera, ez duela "ikuspegi global eta estrategikorik" Arabak dituen erronkei irtenbidea emateko. "Helburu argirik ez duen foru arau baten aurrean gaude; izan ere, loturarik gabeko hainbat partida dira, lurraldearen ikuspegi orokorrik eta epe luzekorik gabekoak".
EH Bilduko bozeramaileak gaineratu du badirudiela EAJk eta PSEk PP aukeratu dutela lehentasunezko bazkide gisa, iazko abenduan fiskalitatean lortu dituzten akordioak edo aste honetan iragarritako aurrekontu ituna ikusita. "Datorren ikasturteari begira, lurralde honetan sakoneko eztabaidak daude, eta ez da abiapuntu ona PPk lurralde honetako zerga- eta aurrekontu politikak baldintzatzea", adierazi du bozeramaileak.
Elkarrekin Podemos: "Elitista da"
Elkarrekin Podemos Arabako batzarkide taldeak gaitzetsi egin du EAJk eta PSEk osatzen duten foru gobernuaren eta PPren arteko akordioa, 2024ko aurrekontu luzatuaren neurri osagarrien foru arauaren proiektua aurrera ateratzeko, uste baitu "proiektu elitistak lehenesten direla, hala nola Basque Culinary Centerrek sustatutako EDA Wine Center, lurraldearen benetako beharren aurrean". David Rodriguez bozeramaileak deitoratu egin du ituna, eta uste du, "beste behin, foru gobernua eskuinera jotzen duela lurraldearentzat estrategikoak diren gaiak aurrera ateratzeko ".