Arabako edukiera handiko bideetan "erabileraren araberako ordainketa sistema" ezartzea aztertuko duen lizitazioa "laster" abiatuko duela iragarri du gaur Arabako Foru Aldundiak. Ohar batean aurreratu duenez, aukera hori aztertuko duen ikerketa lana lizitatuko du. Horretan, besteak beste, ordainketa sistema bat ezartzeko "bideak, ibilgailuak, tarifak, hobariak, alternatiba teknologikoak eta ezarpen egutegia" zehaztuko dituzte.
Foru erakundeak ezagutarazi duenez, gaurko foru gobernu kontseiluan esleitu diote Idom ingeniaritza enpresari AP-68 autobidea erabiltzeagatiko kanon bat ezartzeko azterketa. Horretarako "aukera teknologiko egokienak aztertu eta zehaztu" nahi dituzte, 2026ko azaroan egungo emakida bukatu eta azpiegitura jabari publikora igarotzean ordainketa sistema ezarri ala ez zehazteko. 208.286 euro bideratuko dituzte azterketarako, eta hemeretzi asteko epea izango du enpresak txostena aurkezteko.