Alazne Basterra eta Leire Lakasta

"Zaintzaren krisia ez da konponduko gizarte politiken bidez egiten diren erreformekin"

Jon Hidalgo 2024ko ekainaren 25a

Alazne Basterra eta Leire Lakasta, Itaiako kideak. Argazkia: Itaia

Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak zaintza ereduari eta makroerresidentziei buruzko kanpaina egin du azken hilabeteetan. Alazne Basterra eta Leire Lakastarekin hitz egin dugu haien irakurketa jasotzeko. Elkarretaratzea deitu dute asteazkenean, ekainak 26, 19:00etan Probintzia plazan.

Zaintza eztabaida publikoaren erdigunean jarri da azken urteetan. Zergatik da garrantzitsua zuen ustez? Nolakoa da egoera Araban?

Alazne Basterra: Zahartze demografikoaren ondorioz, gero eta beharrezkoagoak dira zaintza zerbitzuak. Azken urteotan, krisiaren eraginez, kalitateak okerrera egin du. Kontzertaziorako eta pribatizaziorako joera nagusitu da, enpresa pribatuen interes ekonomikoen arabera egina. Egoiliarren bizi baldintzek eta sektoreko langileen lan baldintzek ere okerrera egin dute. Sektore guztiz feminizatua da.

Leire Lakasta: Gaia erdigunean jarri behar da emakume horiek oso baldintza txarretan daudelako eta, gainera, ezin direlako horretaz kexatu. Horrelako lanak bigarren mailakotzat hartzen direnez izugarrizko prekarizazioa bizi dute, lan esparrutik kanpo zaintzaren zama izateaz gainera. Soldata baxuak dituzte, lanaldi murriztuak, lan arrisku ugari eta ratio altuak. Benetan larria da langile hauen eskubide politikoen etengabeko urraketa eta dituzten mugak jasan behar duten miseriaren aurka borrokatzeko.

Zer dimentsio du pribatizazioak Araban, eta zein dira ondorioak?

L. L.: Hego Euskal Herriko egoitza plazen ia %72 titulartasun pribatukoa da, Araban %75 inguru. Nazioarteko zaintza enpresak merkatu honetan sartu izana ez da kasualitatea, etekin ekonomikoa bermatuta dute. Esaterako, Araban, DomusVi, Sanitas Mayores eta Vitalia Home daude. Berriki, 750 milioi, 180 milioi eta 220 milioi euroko irabaziak izan dituzte urte bakarrean, hurrenez hurren. Gure ustez, zaintzaz ari garela, hauxe da aurkezten zaigun errealitatea: funts putreak, espekulazioa, instituzioen ezintasuna, adinekoen bizitzen instrumentalizazioa, langile klasearen bizi zein lan baldintzen aurkako ofentsiba eta, finean, enpresen errentagarritasun ekonomikoa.

Urgentziazkoa da errealitate honen aurka antolatzea, zaintza izan dadin doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala

Makroerresidentzien aurka agertu zarete. Zergatik?

A.B.: Makroerresidentziek eskaintzen duten zerbitzua, "etxean bezalakoa" izatetik urrun, despertsonalizatua, deshumanizatua eta eskasa delako. Enpresa kudeatzaileak langileen eta familien kontura aberasten direlako.

L.L.: Eredu hori nagusitzen ari delako gure hirian. Gasteizen, 120 plazatik gorako zazpi makroerresidentzia daude gutxienez, eta beste hiru ari dira eraikitzen: Salburuako egoitza Krean kooperatiba eta IMQ Igurcoren gidaritzapean, Txagorritxu ospitale alboko egoitza Vitalia enpresaren eskutik eta Zabalganakoa Orpea multinazional frantsesak gidatuta.

Zer egiten dute instituzioek arlo honetan, eta zer egin beharko lukete?

A.B.: Instituzioek zerbitzuaren kudeaketara mugatzen dute eztabaida eta eredu publiko-komunitarioa hitzematen dute. Errealitatean, ordea, inbertsio publikoak ez dira bideratzen zerbitzuaren eta langileen baldintzak hobetzera. Kontrara, zaintzaren merkantilizazioa indartu dute eta pribatizazio basatiarekin aurrera egin dute. Gainera, ezin ahaztu dezakegu Estatuaren aurrekontuen mende daudela.

L.L.: Guk uste dugu instituzioek ezintasun argiak dituztela. Ezin ditugu instituzioak eta Estatua ulertu zaintza bermatuko duten egitura independente gisara, kapitalismoarengandik autonomoak balira bezala, modu neutralean jokatu ahalko balute bezala.

Eragile askok salatu dute erresidentzietako egoera. Zein da zuen proposamena eta zertan da ezberdina beste aldarrikapen batzuetatik?

A.B.: Haien aldarrikapenak instituzioei zuzentzen dizkiete eta haiei egin eskakizunak, instituzioen borondatean eraginez egoera aldatuko delakoan. Guk uste dugu borroka horiek egungo gizarte zapaltzailea gainditzera bideratu behar direla, hain justu, gizarte hori delako miseria betikotzeko oinarriak ezartzen dituena. Eskakizun zehatzen aldeko borrokak beharrezkoak dira, sektore horretan baldintza politikoak sortzen joateko. Ia babes sozial eta mediatikorik ez duten borrokak izan ohi dira.

L.L.: Guk ez dugu bestelako eragileen lana eta borondatea ukatzen, baina horren guztiaren aurrean, uste dugu zaintzaren krisia ez dela konponduko gizarte politiken bidez egiten diren erreformekin. Aitzitik, beharrezkoa ikusten dugu zaintza lanen egiturazko aldaketa ematea. Hau da, zaintzak gizarte osoaren ardura izan behar du eta uste dugu ezin dela kudeatu instituzioen zein enpresarien interesen arabera.

Elkarretaratzea deitu duzue asteazken honetarako, 'Zaintzaren pribatizazioaren aurka borrokatu' lelopean.

L.L.: Urgentziazkoa dugu errentagarritasun ekonomikoan oinarritzen den errealitate honen aurka antolatzea, zaintza izan dadin doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala. Horregatik, ekainaren 26an mobilizatzeko deia zabaldu nahi dugu, 19:00etan Probintzia plazan.



Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago