Arabako hezkuntza aisialdiaren eta animazio soziokulturalaren langileek hitzarmenerako akordioa onetsi dute asanblean, eta hurrengo asterako iragarrita zegoen greba deialdia bertan behera utzi dute. Akordioan jasotako aldaketa nagusiak dira soldataren %9,1eko igoera, 2025 eta 2026rako KPIaren gaineko igoerak bermatzeko; hurrengo hiru urteetan 30 orduko lanaldi murrizketa, eta lanaldi irregularra %2ko murriztea; soldata osagarrien gehitzea aldi baterako ezintasunen kasuan, opor egunen igoera eta antzinatasun plusen hobekuntzak, besteak beste.
Azpikontratatutako zenbait udal zerbitzu daude sektore honetan, gizarte etxeetan kasu, guztira 500 langile baino gehiago. ELA sindikatuak akordioa "oso positiboki" baloratu du, "langileen eskaera nagusiak jasotzen dituelako eta prekaritateari aurre egiten diolako". "Langileak prest jarraituko dute behar denean antolatzen jarraitzeko, behar diren hobekuntzen alde borrokatzeko eta baldintza duinetan lan egin ahal izateko", adierazi du.