Gamarran dagoen aparkalekuak 50 plazako edukiera du. Azpiegiturak eguzki plakak ditu bere autonomia eta energia eraginkortasuna bermatzeko, eta erabiltzaileek bizikleta elektrikoak kargatzea ere ahalbidetuko du. Bestalde, Jundizko bizikleta aparkaleku modularrean 10 plaza daude. Horiei Iruña Okan dauden beste 10 gehitu behar zaizkie. Jarduketa osatzeko, bizikletak garbitzeko eta konpontzeko gune bat jarri da Zadorraren ibilbide berdearekin lotuta, Krispiñan.
Bizikletentzako aparkaleku berri horiek Amurrion, Aiaran eta Laudion tren geltokietatik gertu dauden aparkalekuei batu zaizkie. "Guztira, ehun plaza gaitu ditu foru aldundiak, eta haien bidez indartu egingo da bizikleta garraiobide gisa erabiltzen dutenek seguru aparkatu ahal izatea eta bizikletak elektrizitatez kargatzea", azpimarratu du Amaia Barredo Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko foru diputatuak. Horiek horrela, Barredok azpimarratu duenez, "espazio horiek hiri eremuen eta industrialdeen arteko lotura erraztu eta sustatzen dute, bizikleta bideen bitartez; hartara, aurrera goaz mugikortasun jasangarrirantz eguneroko joan-etorrietan, bizimodu osasungarriagoa sustatzeaz gain".
Aparkalekuak erabili nahi dituzten herritarrek alta eman beharko dute telefono mugikorreko aplikazio batean. Aplikazio horrek kode bat sortuko du eta bizikleten aparkaleku seguruan erabiliko da. Gamarrako eta Jundizko bizikleta aparkalekuak Gasteizko Udalaren VGbiziz sarean (bizikletentzako aparkaleku seguruen sarea) egongo dira eskuragarri, eta haietara sartzeko erabiltzaile kodea tekleatu beharko da.
Foru Aldundiak 211.668,69 euroko inbertsioa egin du, BEZa barne, jarduketa hori gauzatzeko.
Bizikleta bide berria Gasteizen
Bestalde, Gasteizko bizikleten sarea eta Virgen Niña ikastetxearekiko lotura hobetzeko asmoz, Espazio Publikoaren eta Auzoen udaleko sailak hiriburuko hegoaldean, Batanen, bidegorri berria eraikitzeko lanak atera ditu lizitaziora. Bide horrek Nieves Cano eta Maite Zuñiga kaleak lotuko ditu Batan ibilbidetik. Gaur egun, ikastetxe horren inguruan Maite Zuñiga-Zumabide ardatzeko bidegorria bakarrik dago.
Beatriz Artolazabal zinegotzi eta alkateordeak azaldu du ikastetxeraino bizikletaz iritsi ahal izateko ibilbide alternatiboak "nahiko aldenduta daudela"; eta bidegorri berria sortuta, Virgen Niña ikastetxe inguruan "zirkulazioa erraztu eta segurtasuna indartuko dugu".