Gaurkoarekin 35 greba egun egin dituzte erresidentzietako langileek

Erredakzioa 2024ko eka. 19a, 16:35

ELAk eta LABek azpimarratu dute "oztopo guztien gainetik", langileek kalera ateratzen jarraitzen dutela.

Gaurkoa da Arabako erresidentzietako eta etxebizitza komunitarioetako langileen 35. greba eguna. Goizeko 11:00etan kalejira egin dute, Gasteizko Plaza Berritik Probintzi plazaraino; eta arratsaldean, manifestazioa egingo dute Bilbo plazatik. Langileek salatu dute hitzarmena negoziatzeko mahaiak urte bete daramala blokeatuta, enpresen "borondate eskasa" eta Arabako Foru Aldundiak sektoreko lan baldintzak hobetzeko duen "immobilismoa" medio.

Greba deitu duten ELA eta LAB sindikatuek deialdiaren balorazio positiboa egin dute, "batez ere kontuan hartuta 35 greba egun ondoren, eta euren eskubideak baliatzeko dituzten oztopo guztiak izan arren, sektore horretako langileek kalera ateratzen jarraitzen dutela". Gainera, salatu dute Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezartzen jarraitzen duela, "eta horrek langileen greba eskubidea oztopatzen duela nabarmen".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago