Arabako zenbait ludoteka, parketxe, liburutegi eta udalekutan etena izango da hurrengo astean, hezkuntza aisialdiaren sektoreko patronalak eta sindikatuek adostasuna lortu ezean. ELAk, LABek eta CCOOk hitzarmen "duin" bat defendatzeko eta sektoreko langileen bizi kalitatea bermatzeko grebara joango direla iragarri dute.
Arabako hezkuntza aisialdiaren eta animazio soziokulturalaren sektoreko alde soziala eta patronala azken urtean 12 aldiz bildu direla jakinarazi dute sindikatuek, bien arteko adostasun batera iritsi gabe. Patronalak alderdi sozialaren eskaerak ezin dituela bermatu argudiatu du, erakundeen hitzarmen baldintzak direla eta. ELA sindikatuak, aldiz, patronalak gutxienekoak bermatu ez dituela adierazi du, ez dagoela prest "ahalmen eta eskubide gehiago galtzeko".
Azken negoziazio mahaian lanaldi irregularrei, antzinatasunari eta ordaindutako baimenei buruzko gaiak landu ziren, besteak beste. ELAk alderdi sozialaren eskaerak oraindik ez direla bete adierazi du, "kontziliazioa edo egonkortasun ekonomikoa nekez ahalbidetzen duen prekarietate egoera iraunaraziz".