Aurten bai, Mazoka egongo da

Erredakzioa 2024ko ekainaren 18a

Ohi bezala, Montehermoso Kulturunean egingo dute azoka. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Iazko hutsunea gaindituta, abenduan marrazki eta ilustrazioaren jaialdia egingo dute berriz.

Marrazki eta Ilustrazioen Jaialdiaren IX. edizioa abenduaren 20tik 22ra egingo dute Montehermoso Kulturunean, Gasteizko Udalak iragarri duenez.

Ohi bezala, azokan "entzute handiko profesionalak eta hasiberriak direnek" espazioa partekatuko dute Gasteizen. Espero dute bereziki hasiberrientzat lagungarri izatea. Izan ere, antolatzaileen esanetan, mazokalari izatea "datu curricular entzutetsu bihurtu da" bertan parte hartzen duten profesionalentzat, beren lana ikusgai jartzeko aukera izaten dutelako. Ohore hori izan duten mazokalari ohien artean "ilustrazio arloko saridun nazionalak" eta Finlandiako, Frantziako, Ingalaterrako, Mexikoko edo Argentinako marrazkilariak daude, besteak beste.

Aurten ilustrazioaren aldeko apustua egin duten 0KM proposamenak, profesional autonomoak eta enpresa txiki eta ertzainak aitortzea eta saritzea izango dute helburuetako bat.

Maider Etxebarria alkatearen hitzetan, "balioa eman" nahi diote "kultura eta sorkuntza arloko industriei", sektore horrek "gero eta garrantzi handiagoa" duelako gurean.

Antolatzaileek aurreratu dutenez, azokan izena emateko formularioak zein parte hartzeko oinarriak udaren ostean argitaratuko dituzte: irailaren 2an irekiko dute aukera, hain zuzen. 40 postuetatik bat eskuratzeko epea hogei egunez zabalduko dute handik aitzina. Epe horien bueltan ere eskatu ahal izango da Bekikasle-Laboral Kutxa beka.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago