Azpeitiko Txisteratik magia jaialdian parte hartu zuen 2021ean, eta, Gertuko Magia Txapelketaren saria jasota, herriz herri aritu da geroztik karta jokoen saioekin Maria Arandia (Errenteria, 2002), Euskal Herrian zein kanpoan ere. Nazioarteko magoekin egindako saioetan ikasi du, besteak beste, Madrilen eta Toledon egindako jaialdietan, eta igande honetan Olarizuko zelaietara gerturatuko da. 11:30ean izango du hitzordua Araba Euskarazen.
Orain dela gutxi Madrilen egon zara ikuskizunarekin. Zenbat leku bisitatu dituzu magiari esker?
Orain Madrilen egon naiz, baina Euskal Herri barruan izan da gehiena. Toledon lehiaketa moduko batean parte hartu nuen, baita ere, eta hirugarren saria eraman nuen han. Oso esperientzia polita izan zen, eta jende asko ezagutu nuen. Ekainaren 30ean, berriz ere, Teatro Encantadon [Madrilen] egongo naiz, estatu mailan magian bereziki espezializatuta dagoen dagoen antzoki bakarrean, eta jardunaldietan ere parte hartuko dut, Teatro de las Aguas antzokian.
Gasteizko Magialditik ere igaro zara, ezta?
Bai, beti joaten naiz, baina ikusle moduan bakarrik. Pila bat gustatuko litzaidake parte hartzea; egia esan, amets bat izango da niretzat halako jaialdi batean parte hartzea. Guztiontzako ikuskizunak eta saioak ditu Magialdiak, baina nazioarte mailako mago asko ere joaten izaten dira hitzaldiak ematera eta ikuskizunak aurkeztera, eta aukera bikaina da magoentzat elkar ezagutu eta magia egiteko.
Zer da topaketa horietan gehien gustatzen zaizuna?
Magia komunitatea oso polita da. Mago batek ez ditu inoiz bere trukoak argitzen esaera egia da, baina magoek magoen artean dena kontatzen dute. Oso polita da sortzen den elkartasuna, eta lagun asko ezagutzen ditugu.
Zein esango zenuke dela zure publikoa?
Mota guztitako publikoarekin lan egiten dut. Familientzako ikuskizunak ditut, eta hori da, hain zuzen, Gasteizen egingo dudana, familia osoarentzat izateko pentsatuta daudenak, haurrekin batera gurasoek ere disfrutatzeko modukoak. Eta gero helduentzako ikuskizunak ere baditut, 12 urtetik gorakoentzat pentsatutakoak.
"Ikuskizunarekin dibertitzea garrantzitsua da, baina baita mezu bat izatea ere"
'Magia eta mirariak familian' publiko orokorrarentzat izango dela aipatu duzu. Nolako ikuskizuna ikusiko du Araba Euskarazera gerturatzen den publikoak?
Azkenean, ikuskizun bakoitzean nire magia pertsonala jartzea gustatzen zait, eta egiten dudan magia horrek mezu bat helaraztea; ez da ikuskizun soil bat. Horren atzean dagoena kontatu nahi diot nire publikoari, gordetzen dituen baloreak. Noski, dibertitzea eta entretenigarria garrantzitsua da, baina baita mezua izatea ere. Eta helduentzako ikuskizuna denean nabaritzen da gehienbat, istorio edo ideiaren bat kontatzen dudalako. Niretzako ikuskizuna adierazpen modu bat da: Magia eta mirariak saioan barre egingo dugu, magia gertatzen da, baina interesgarria izan daitekeen zerbait ere kontatzeko aukera egongo da.
Araba Euskaraz moduko jaialdietan parte hartzeko ohitura duzu, nahiz eta magia ez izan ardatza hauetan?
Guztioi gustatzen zaigu magia ikustea, eta jaialdi desberdinek horretarako aukera ematen dute, aukera polita dira beste publiko batzuetara heltzeko. Eusko Jaurlaritzak antolatutako biltzar batean parte hartu dut, esate baterako, edo Ordiziako Eskola Publikoaren egunean, besteak beste. Nire kasuan, euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen ditut ikuskizunak, eskatzen didatenaren arabera normalean. Euskal Herrian mago asko gara, kontrakoa pentsatzen dugun arren, eta ugari hasten ari garenak.
Mago izan nahi duenak zer egin behar du? Nora jo?
Euskal Herrian gaur egun ez dago mago eskolarik. Ikasten hasteko modu bat liburuak izan daitezke, eta magoekin harremanetan egotea ere beste aukera bat da, baina hasiera izaten da zailena, normalean inor ez dugulako ezagutzen alor honetan. Ni eta nirekin magian aritzen garen lagunak beti prest gaude interesa dutenei irakasteko eta magiaren komunitatean sartzen laguntzeko. Magia, euskararekin gertatzen den bezala, erabiltzeko dago, eta denon artean egiten ez badugu, hil egiten da.