Logistikari dagokionez ez zaie erraz egiten entseguak, boloak eta bestelako hitzorduak antolatzea, sortzez denok Arabako Errioxakoak izan arren, orain kide bat Barakaldon bizi delako. Halere, horrela ederki moldatzen direla azaldu du Eh Mertxe! taldeko abeslari Ibai Verlaine Landak (Oion, 1993). Adrian Cabañas, Iosu Martinez eta Ivan Aranbarrirekin batera, taldea osatzen dute guztiek.
Denok elkartu nahi izan zaituztet, baina ez zen erraza izan!
Ez, ez da erraza. Baina esango nuke dinamika osasuntsu bat hartu dugula, oso exijentea ez dena. Minimo bat betetzen dugu, eta lasai egiten dugu. Egia esanda, Barakaldotik datorren kidea da esfortzurik handiena egiten duena. Astean behin edo bi astean behin etortzen da. Berak hemen familia eta lagunak dituenez, aprobetxatzen du haiek bisitatzeko. Hasi ginenean errazago genuen kontua, hurbil bizi ginelako. Upategi batean hasi ginen entseatzen. Tira, ardoa edateko ezin hobea zen, baina zailagoa zen entseatzeko, kar-kar! Pixkanaka gure erritmoa hartu genuen. Hasi ginen astean bi edo hiru entsegu egiten, baina konturatu ginen hori ez dela batere produktiboa, eta gu erosoago sentitzen garela entsegu gutxiago antolatzen baina horietan gauza gehiago egiten, modu lasaiagoan. Horrela ere nork bere denbora dauka bere kabuz gauzak esperimentatzeko, eta gero entseguan besteei erakusteko.
"ASKATASUN OSOA IZAN DUGU ARABA EUSKARAZEN KANTA GURE ESTILOAN EGIN AHAL IZATEKO
Nola iritsi zaizue Araba Euskarazen abestia egiteko aukera?
Adrian [Cabañas] eta biok Oiongo San Bizente ikastolako ikasleak izan gara, eta nik ikastolan jarraitu dut, orain irakasle moduan. Arabako Euskarazen abestia egiteko proposamena egin zigutenean, ilusio handiz hartu genuen aukera. Azken fi nean Arabako Errioxan euskararen inguruko borroka ez da inoiz batere erraza izan, ezta gaur egun ere. Guk hori bizi izan dugu ume moduan, eta, gaur egun heldu moduan ere. Horregatik, momentuz une labur batez bada ere, horren erreferentea izatea eta umeen aurpegiak eta komunitatearen alaitasuna lortu ahal izatea, oso polita izaten ari da.
Kanta hauek ia-ia beti ska doinuekin irudikatzen ditugu. Zuek bestelako estiloa duzue. Erronka izan da abestia egitea?
Bai. Horrelako planak egiten direnean badaude parametro eta ideia batzuk; mezu bat ere badago. Eta guk, abestia egiteko, ez genuen gure izaeratik atera nahi. Gure izaera galdu ez, baina, aldi berean, bagenekien zentzu batean abesti zabalagoa egin behar genuela.
Izan ere, ez da garito batean jotzeko abesti bat. Edo garito batean bai, baina beste lekuetan ere bai, ezta?
Hori da. Hala ere, azkenean pentsatzen dugu ondoen ateratzen dena dela egiten duzun horrekin gustura geratzea. Gu gustura geratu ginen, eta, orduan, behin gustura geundela, erakutsi genuen proiektua. Askatasun osoa izan dugu gure estiloan egiteko. Musika sortzeko zein letra egiteko, ez dugu izan jarraibiderik; dena izan da askatasuna. Gu gustura geratu gara emaitzarekin, eta uste dut herria edo komunitatea ere horrela geratu dela. Tira, agian gero egongo dira beste batzuk kontrakoa pentsatzen dutenak, eta pare bat garagardorekin bestelakorik esango digutena...
Bideoa nahiko berezia da...
Bai. Lander Etxedonak egin du bideoa. Profesional handia da, eta gauza bikainak egiten ditu. Gainera, badu gauza arruntetatik pixka bat harago doan pentsamendu berezi bat ere. Abestia entzun zuenean, berak pentsatu zuen bideoa dantzaren inguruan izan behar zela, uste zuelako —nire ustez, oso modu aproposean—, askatasuna eta mugak gainditzeko grina askotan dantzarekin irudikatu daitezkeela. Dantza badelako ere hizkuntza unibertsal bat, eta horrekin adierazi daitekeelako hizkuntza batek mugak gainditzeko gaitasuna duela. Grabaketa oso prozesu polita izan da, ikastolaren ingurukoak inplikatu direlako, baina ikastolaren beraren ateak ere gainditu dituela esango nuke. Komunitateak proiektuan parte hartu du. Hainbeste jende mugitzea estresagarria izan badaiteke ere, magia bat sortzen da grabazio egunetan. Azken finean, auzolanean egindako gauzek beti daukate izaera berezi hori.
Araba Euskarazi esker, taldearentzako bultzadarik nabaritu al duzue? Ezagutzaren aldetik, adibidez?
Agian ezagutza aldetik momentuz ez hainbeste, baina bai nabaritu dugu hedabideetara iristeko bultzada bat. Orain arte ez gara iritsi modu horretan Euskal Herriko hedabideetara. Espainia mailan aurreko diskoarekin, eta atera dugun singlearekin, Radio 3 irratian agertu gara. Errazagoa izan zaigu agian iristea Espainiako hedabideetara, Euskal Herrikoetara baino. Guk ez ditugu abestiak %100 euskaraz egiten. Nahasten ditugu euskara eta gaztelera, momentuak eskatzen digunaren arabera. Baina pixkanaka gure bidea egiten ari gara
Ezer gutxi dakit nik musikaz, baina zuena gustura jasotzen den horietakoa da...
Beti entzun eta gustatu izan zaigun estiloa gure moduan egin dugula esango nuke. Badira musikari on asko, gauza berritzaile asko egiten dituztenak, eta hori oso interesgarria da. Baina, gure kasuan, ileak puntan jartzen dizkigun musika egiten dugu. Lehen aipatu duzu garito hitza. Bada, musikariak izateaz gain, gu publiko bagara ere, eta astebururo joaten gara garitoetara kontzertuak ikustera. Oso gustura gaude egiten dugun honekin. Gainera, kanpoan ibiltzean konturatzen gara ez garela friki bakarrak, eta munduan zehar badagoela gu bezalako asko.
Araba Euskarazen abestiak aukera emango du ere rock-and-rolla belaunaldi berrietara eramateko...
Bai. Musika beti lotzen da aisiarekin, baina ez dezagun ahaztu musika kultura dela ere, eta kultura hezkuntzaren parte izan behar dela. Ni musika berrien zalea naiz ere, baina horrek ez du esan nahi kritiko izango ez naizenik. Ez zaizkit gustatzen musika berriei guztiz itxita daudenak, ezta musika berria baino entzuten ez dutenak ere. Musika kultura da. Gainetik bada ere, zein izan da zuen ibilbidea? 2016an atera genuen gure lehenengo maketa; urtebetera, single bat, Arabako Errioxan Lurrikara izeneko gazte mugimendu oso polita eratu zenean. 2018an, bigarren maketa. 2022an gure lehenengo lan luzea atera genuen. Orain, besteak beste, beste single bat aurkezten ari gara.
Una banda de mierda en una época de mierda izenburu esanguratsua duen dokumentala grabatu duzue...
Bai. Pandemiaren garaian jende asko hasi zen streaming kontzertuak egiten, eta talde handien inguruan asko publikatu zen. Dena oso polita. Baina musikari gehienok ez gara musikari profesionalak, eta ez gara oso famatuak. Arabako Errioxan ETS bezalako fenomenoa behin baino ez da gertatu, eta seguruenez urteak pasako dira halako beste bat gertatu arte. Pentsatu genuen falta zela errealitatea irudikatzen zuen zerbait egitea. Baliabiderik gabeko talde baten egunerokotasuna erakustea. Izan ere, orain sare sozialekin beti arrakasta azaltzen da. Guretzat arrakasta da lagunekin taldean jarraitzea. Hamar urte daramatzagu elkarrekin, eta hurrengo hamar urteak ere horrela jarraitzea nahiko genuke. Horrelako leku ilun eta izerditsuetara musika entzutera joan, lagunekin egotera. Ahalik eta leku gehiagora joaten, eta jende berria zein proiektu berriak ezagutzen.