1984ko uztailaren 22 urrun batean ospatu zuten lehenbiziko aldiz Araba Euskaraz Oionen. Gaurkoarekin alderatuta oso bestelakoa zen duela 40 urteko panorama hura euskararentzat eta, orobat, euskaldunentzat. Arabako Errioxan, guztira, 398 lagunek ikasten zuten euskara, 128 helduk AEKko gau-eskoletan; eta 270 haurrek inguruko ikastoletan. Oiongo San Bizente ikastolan, berriz, 83 haur zeuden matrikulatuta. Araba Euskarazen laugarren edizio horren helburu nagusia, beraz, "euskararen aldeko" egun osoko ospakizun handi bat antolatzea izan zen, ez gehiago ez gutxiago. Ikastolen elkartearekin eta AEKrekin batera, zonaldeko beste eragile politikoek, sindikalek eta kulturalek ere parte hartu zuten antolaketan.
Arrazoi ugari egon ziren Oion aukeratzeko. Lehenik eta behin, herrialdeko eremu erdaldunena zen orduan Arabako Errioxa, eta euskara ikasten zuten pertsonen ehunekoa ere oso txikia zen; biztanleria osoaren %4ra ozta-ozta iristen ziren gau-eskoletako eta ikastoletako ikasleak. Bigarrenik, gaur bezala, Oion Arabako Errioxako biztanle gehien dituen udalerria da; 1980ko hamarkadan, 2.000 biztanle inguru, eta euskararen zabalkundean udalerri gakoa zen. Azkenik, keinu sinbolikoa egin nahi izan zuten antolatzaileek, eta Gasteiz hiriburutik urrunen dagoen udalerrian, Logroñotik bost kilometrora, euskararen aldeko jaia ospatzea erabaki zuten.
"Gure hizkuntza da ta har dezagun poza, bihar euskaraz mintza bedi Arabako Errioxa"
Laugarren Araba Euskaraz hori, gainera, ez zen egun bakarreko ospakizunera mugatu. Izan ere, uztailaren 5ean hasi ziren ekitaldiak, inguruko 17 herri garrantzitsuenetan barrena egin zuten Korrika batekin; uztailaren 21ean amaitu zen Korrika hura, Oion herrian bertan, Nahiko, Itoitz, Zarama eta Ertzainak taldeen kontzertu gogoangarri batekin. Korrikaren lekukoa eskuz esku eraman zuten hainbat elkartetako, kultur taldetako eta udaletako ordezkariek; eta Oiongo ikastolako haur batek irakurri zuen lekukoan gordetako Abel Enbeitaren bertsoa: "Gure hizkuntza da ta har dezagun poza, bihar euskaraz mintza bedi Arabako Errioxa".
1997ko ekainaren 15ean itzuli zen Oionera bigarrenez Araba Euskaraz, Gorabidean leloarekin. Lehengo aldi hartatik Arabako Errioxan euskara gorabidean zen seinalea zen bertako euskaldun kopuruaren gorakada. Euskal Herri osotik joandako 40.000 euskaltzalek baino gehiagok parte hartu zuten festan, eta bildutako dirutzak DBHrako behar zuten egoitza eraikitzea ahalbidetu zuen. Hirugarren aldi batean ere hurbildu zen ikastolen jaia Oionera, 2009an, eta Hauspoari eraginez lemapean.
"Ikastola euskalduna, integratzailea, akonfesionala eta hezkidetzagilea gara"
Gaur, berriz, oso bestelakoa da egoera. 1976ko gabonetan herriko eta aberriko kulturaz arduratutako guraso talde batek asmoa martxan jarri zuenetik, erro sakonak bota ditu San Bizente ikastolak Oionen. Egun, gurasoen kooperatiba da, eta 304 ikasle, 32 irakasle, 207 familia eta beste kooperatibista asko biltzen ditu. Urteek aurrera egin ahala, San Bizente ikastolaren proiektu pedagogikoak ere aurrera egiten jarraitu du. "Gaur egun gure ikastolak etengabe jarraitzen du formakuntza horren puntan, gure ikasleei ahalik eta hezkuntza hezigarriagoa emateko helburuarekin", azaldu dute arduradunek.
Funtsezko bi oinarrik ematen diote San Bizente ikastolari berezko nortasuna. "Alde batetik, kooperatiba izatea, gurasoek antolatua, beren seme-alabei hezkuntza euskaldun eta kalitatezkoa eskaintzeko, kudeaketa demokratiko eta garden baten bitartez. Bestetik, kalitatezko zerbitzua eskaintzea da, ikastola euskalduna, integratzailea, akonfesionala, hezkidetzagilea. Metodologia parte-hartzailea eta kudeaketa irekia eskaintzen dituena Oiongo eta inguruko familia guztientzat".