Nekazaritza eta abeltzaintza "sektore estrategikoak" izendatu dituzte Batzar Nagusiek

Erredakzioa 2024ko ekainaren 13a

Araba Bizirik, UAGA eta Bionekazaritzak deituta. Argazkia: ARABABIZIRIK

Lehen sektorearen paper estrategikoa arriskuan jartzen duten azpiegitura proiektu guztiak geldiarazteko eskatu dute UAGAk, Bionekazaritzak eta Araba Bizirik taldeak.

Arabako Batzar Nagusiek aho batez eskatu diote aldundiari nekazaritza eta abeltzaintza "jarduera estrategikotzat" jotzeko eta lurraldeko familia ustiategien lana babesteko "politika aktiboak" garatzeko. Batzar Nagusietako Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamenduko Batzordeak gaur eztabaidatu du UAGAk, Bionekazaritzak eta Araba Bizirik-ek proposatutako mozioa. Lehen sektorearen jarduerak landa eremuan biztanleria finkatzen laguntzen duela azpimarratzen du onartutako mozioak, eta biodibertsitatea eta kultura ondarea kontserbatzen laguntzen duela.

Gaur onartu den mozioarekin, "jasaten ari garen landa eremuaren arpilatzea behin betiko gelditzea" exijitu dute proposamena aurkeztu duten taldeek; eta lehen sektoreak "lurralde orekan izan behar duen paper nagusi hori arriskuan jartzen duten azpiegitura proiektu guztiak geldiaraztea" eskatu dute. "Ez dugu nahi hau ezertarako balio ez duten adierazpen instituzional huts eta hauteskunde aurreko horietako bat bihurtzea", azpimarratu dute.

Ildo horretan eta sektorearen izaera estrategikoa errealitatea izateko, Lurralde Plan Partzialek, Nekazaritza eta Basogintzako Plan Sektorialak eta Nekazaritza eta Basogintzako Politikari buruzko 17/2008 Legeak nekazaritzarako ezartzen dituzten babes tresnak aplikatzea eskatu dute. "Lege honek, eta gaurko mozioa ere, sektorea defendatzeko tresnak antolatu behar ditu, irizpide produktibista soilen aurrean eta nekazaritza eremuak garatutako zereginetatik kanpo".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago