Milioi bat euro gehiago inbertitu nahi du EH Bilduk erresidentzietako hitzarmena hobetzeko

Erredakzioa 2024ko ekainaren 13a

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramailea gaurko agerraldian. Argazkia: EH BILDU

Orotara, ia hiru milioi euroko inbertsioa ekarriko duten proposamenak aurkeztu ditu EH Bilduk aldundiaren aurrekontuak handitzeko.

EH Bilduko batzarkide taldeak gaur aurkeztu ditu foru aurrekonturako neurri gehigarrien araua hobetzeko zuzenketa partzialak. Hiru ardatz dituzte proposamenek: "zaintza, trantsizio ekosoziala eta lurraldearen kohesioa". EH Bilduko bozeramaile Eva Lopez de Arroyabek esan du neurri horien inguruan negoziatzeko prest daudela.

Zaintza publikoen arloko zuzenketen artean, erresidentzia pribatuetako lan hitzarmena sinatzeko partida bat gehitzea proposatu du talde abertzaleak, milioi bat eurokoa, sektoreko langileen lan baldintzak hobetzeko. Horrekin batera, landa eremuan zaintzara bideratutako baliabideak sortzeko partida bat ere proposatu dute, besteak beste.

"Erronka ekosozialari" dagokionez, EH Bilduk lehen sektorean ipini du arreta, eta proposatu du sektorearen epe luzerako berrikuntza eta erresilientzia bermatuko duen proiektu bat egitea, 150.000 euroko aurrekontuarekin, baita autokontsumo elektrikorako instalazioak jartzeko EVEren laguntzak osatzeko 100.000 euroko beste partida bat ere. Kopuru bereko partida proposatu du hondakinak bildu eta itzultzeko sistema integralerako proiektu pilotua abiarazteko, hondakinen gaikako bilketako Europako helburuak betetzeko asmoz.

Bestalde, lurraldea kohesionatzeko proposamenen artean, "etxebizitza eskaintza handitzea da EH Bilduren kezka nagusia", eta hala, zenbait partida proposatu ditu udalentzat laguntza lerroak zabaltzeko, eta etxebizitzak birgaitzeko edota sortzeko laguntzak osatzeko.

Lopez de Arroyabek nabarmendu du EH Bilduk epe ertain edo luzerako akordio baten aldeko apustua egiten duela, "baina horretarako gauzak garaiz eta lasai" egin behar direla. Zentzu horretan, EH Bilduren ustez, "gehiegizkoa da legealdi osoa eta hurrengo ekitaldietako aurrekontuen negoziazioa baldintzatu dezaketen konpromiso kredituak proposatzea".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago