Aritz Ibabe Barzola (2003) gitarran eta ahotsean, Martin Silva Miguelez (2006) baxuan eta Markel Ibabe Barzola (2006) baterian, hiru gazte gasteiztar hauek dira Mirotz. Aritz Ibaberekin hitz egin dugu.
Nola hasi zenuten taldea?
Azken udan anaia eta ni hitz egiten aritu ginen beste proiektu bat izan nahi genuela. Beste aire batzuk nahi genituen. Anaiak bateria jotzen du, gitarra nik, eta baxu jotzaile bat behar genuen. Anaiaren lagun bat, Martin, etorri zen entseatzera, eta funtzionatzen genuela ikusita aurrera egin genuen.
Zein da zuen musika estiloa? Soinuak nahasten dituzuela esan izan duzue.
Ideiarik ez. Dauzkagun soinuei dagokionez, anaia oso "metaleroa" da, bonbo bikoitzak asko entzuten dira. Rock estiloa izan zitekeen, baina ez klasikoa, nahiko alternatiboa, egun euskal eszenan dauden taldeen antzekoa. Post-punka ere izan zitekeen. Berezitasun bezala, ahotsak autotunea dauka. Gure erreferentziak, batez ere, Txopet eta Toc taldeak dira.
"Gure erreferentziak, batez ere, Txopet eta Toc taldeak dira"
Araba Euskarazen jotzeko deitu zaituztete. Ilusioa egin dizue?
Ilusioa itzelezkoa, bai. Guk izena eman genuen Jimmy Jazzeko Gazte Talent lehiaketan, Euskarazko saria irabazi genuen, eta sariaren zati bat zen Araba Euskarazen jotzea. Ilusio handia egin digu, gu urtero joan izan garelako Araba Euskarazera, egun pasa, hartzaile bezala, eta aurten jaiaren parte izateko aukera izango dugu.
Euskara hutsean kantatzen duzue. Zergatik hizkuntza aukeraketa hau?
Gehienbat, nik uste, gure erreferenteak euskal musikatik datozelako. Agian ingelesetik ere bai, baina ingelesez ez dakigu abesten ez letrak egiten. Etxean ere euskaraz aritu izan gara beti. Gainera, musika aldetik, uste dugu hizkuntza oso polita dela. Oso sonoritate berezia daukala, oso ona. Euskara ulertzen ez duten askok ere esan izan digute ondo entzuten dela euskara musikan.
Zer asmo dituzue aurrera begira?
Hasi berri gaude, baina lan asko egiten ari gara, zabaldu nahi dugulako, jendeak entzun dezala gure musika. Gure soinua bitxia da, nahasketa nahiko arraroak egiten ditugu, baina entzuteko modukoa. Orain saiatuko gara kontzertu gehiago bilatzen, eta ea hemendik aurrera gauza gehiago egin ditzakegun. Albuma atera nahi dugu, baina dirua behar da horretarako. Albuma baino EP motz bat izango da, seguruena, ez daukagulako baliabiderik besterako. Bestalde, merchandisina ateratzeko asmoa dugu laster, inork erosi nahi badu.