153.600€ko zigor ekonomikoa jarri diete Zaballako espetxera egindako martxan parte hartu zuten pertsonei. Abenduaren 30ean egin zuten euskal preso politikoei elkartasuna adierazteko ibilaldia, eta 128 pertsonak jaso dute bakoitzak 1.200€ko isuna, Aske antolakundeak salatu duenez. Gaur Gasteizen egindako agerraldian gaitzetsi dute kriminalizatu eta delitu bilakatu nahi dituztela elkartasuna eta amnistiaren aldeko borroka.
Ertzaintzaren tratu txarrak ere salatu dituzte Askeko kideek. "Heriotz mehatxuak, jipoiak, goitik behera grabatu eta miaketetan ukituak" egitea leporatu diete ertzainei, eta kritikatu dute polizia zigorgabe utzi izana. Euskal Herriko mugimendu iraultzailea indargabetzeko estrategiaren barruan kokatu dituzte aipatutako isunak, "zigor ekonomikoen bidez etorkizuneko praktika politikoa baldintzatzea da xedea". Aldarrikatu dute elkartasuna ez dela delitua.
Zigorrei aurre egiteko ekimenak
Elkartasuna "Euskal Herriko txoko guztietara" zabaltzeko dei egin dute Aske antolakundetik. Urriaren 5ean elkartasun eguna antolatuko dute, zigor ekonomikoei aurre egin eta borrokarako borondatea aldarrikatzeko. Bestalde, laguntza ekonomikoa jasotzeko diru bilketa kanpaina jarri dute martxan. Kontu korronte zenbaki bat ere zabaldu dute, dohaintzak jasotzeko, eta ekarpenak egiteko deitu dituzte herritarrak.
Aske antolakundetik salatu dute Madrilen diseinatutako Mozal legea baliatzen dela edozein protesta eta mobilizazio zigortzeko, "euskal polizia saltzen diguten bitartean". Bestelako borroketan aplikatzeko aurrekaria sortu nahi izan dutela ohartarazi dute. Bestalde, gaitzetsi egin dute delitu bilakatu nahi izatea euskal preso politikoekiko elkartasun adierazpenak. Errepresioaren aurrean borrokan jarraituko dutela adierazi dute.