Gizarte zerbitzuak prekario eta pribatuak direla salatu dute langileek

Erredakzioa 2024ko eka. 12a, 16:39

GOFEren aurrean egindako elkarretaratzea. Argazkia: Langile batzordea

Arau orokorra zerbitzuak pribatizatzea da, sindikatuen esanetan. Ohartarazi dute Arabako gizarte zerbitzu publikoetan kalitatea galdu eta lan prekarioa sortu dela.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko langileen batzordeak salatu du gizarte zerbitzuak eraitsi egin direla Araban. Elkarretaratzea egin dute langileek asteazken goizean GOFEren atean, eta eskatu dute, batetik, langile gehiago behar dituela erakundeak, eta bestetik, lan baldintzen inguruko negoziaketa abiatu behar dela. Gizarte zerbitzuen pribatizazio maila oso altua da, azaldu dutenez.

Protestara deitu dute CCOO, ELA, SATSE, LAB, ESK eta SAE sindikatuek. GOFE SOS plataformatik salatu dute zerbitzuen kudeaketa kontrolean oinarritzen dela, eta "gehiago baloratzen direla minutuak, lanaren kalitatea baino". Kudeatzaileek mesfidantzaz hartzen dituzte langileak, plataformaren hitzetan. Sindikatuek kritika egin diote gizarte zerbitzuen ereduari, esanaz sortu diren lanpostuak lanaldi partzialekoak direla, eta aldi baterako kontratuak izan ohi direla. Gaineratu dute lanpostu horiek emakumeek betetzen dituztela %99an.

Lan hitzarmenaren negoziaketa abiatzeko eskatu dute langileek elkarretaratzean. Adierazi dute estuki lotuta daudela langileen lan baldintzak eta zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonen bizi kalitatea. Batzordetik azaldu dute Mendekotasun Legea indarrean sartu zenetik aldatu egin direla arreta ereduak, baina horrek ez duela ekarri plantilla handitzea, "adabakiak besterik ez". Zerbitzu publikoen ahultasuna ere salatu dute, esanez "gizarte ongizaterako aurrekontuak igotzeak eragiten duela diru publikoa sektore pribatura igarotzea".

Gizarte zerbitzuen pribatizazioa

GOFEk eskaintzen dituen zerbitzuak pribatizatzea "arau orokorra" dela adierazi dute sindikatuek, eta datuak eskaini dituzte Arabako gizarte zerbitzuen errealitateari buruz. Adineko pertsonen arloan, egoitzetako plazen %80a pribatua da. Desgaitasuna duten pertsonen arloan plaza publikoak %37 dira soilik. Adingabe eta Familiaren esparruan Geroa Etxea da baliabide publiko bakarra, eta "20 baliabide daude esku pribatuetan", langile batzordearen arabera.

Salatu dutenez, "publikoak izan behar luketen" beste hainbat zerbitzu ere sektore pribatuak betetzen ditu gaur egun. Hala nola, "genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako arreta eta baliabideak, gaixotasun mentala duten pertsonentzako baliabideak, bazterketa eta marjinazio egoeran dauden pertsonentzako egoitzak, eta eguneko zerbitzuak, egoitzak, etxebizitza komunitarioak eta eguneko zentroak". Bestalde, pribatuak dira ere animazio soziokulturala, estimulazio psikikoa, errehabilitazioa, aholkularitza juridikoa, garbiketa, sukaldea, harrera, podologia, ile apainketa, mantentze lanak eta beste asko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago