Gasteizko Bikario Orokorra dela dioen iruzurgile bat hainbat erlijio komunitateri deika ari da, diru eske. Gasteizko Gotzaindegiak zabaldutako ohar baten arabera, iruzurgileak "urgentziaz" eskatzen du dirua, Gotzaindegirako dela esanez. Adierazpenaren arabera, ez da horrelakorik gertatzen den aurreneko aldia, deiak "beste behin" gertatu direla adierazi baitute.
"Are, oraingoan, haren ahotsa zirudien", ohartarazi du Gotzaindegiak, horrelako ahots ordezkapenak "teknologia berriei esker" erraz egin daitezkeela erantsiz.
"Ez Gotzain Jaunak, ezta Bikario Orokorrak, ez beren izenean beste inork ere ez dio inoiz komunitate, parrokia edo elkarte bati hots egingo dirua urgentziaz eskatzeko", azaldu dute. Hortaz, dei egin diete fededunei "iruzurrarekin adi egoteko", are gehiago "asteburuan gertatzekotan". Diotenez, asteburuetan zailagoa da Gotzaindegiarekin harremanetan jartzea, eta, antza, iruzurgileak horretaz baliatzen dira amarrua aiseago egiten saiatzeko.