ELAko Azterketa Bulegoko ordezkariek agerraldia egin dute Arabako Batzar Nagusietan egiten ari den fiskalitateari buruzko ponentzian. Zerga sistema "bidegabea" dela eta azken bi hamarkadetan egoerak okerrera egin duela salatu dute ponentzian bildutako alderdi politikoen aurrean.
Sindikatuaren ordezkariek Arabako zerga bilketaren inguruan aurkeztutako kopuruen arabera, 2023an, PFEZ izan zen Arabako bilketaren ia %38a, eta BEZa, berriz, %47a. Bitartean, Sozietateen gaineko Zerga (enpresek ordaintzen dutena) kopuru osoaren %9a izan zen. "Beraz, enpresek diru kutxa publikoak sostengatzen dituztela dioen diskurtso ofizialetik urrun, errealitatearen analisiak eta datuek kontrakoa erakusten dute. Langile klaseak eusten dio zerga zamari", ondorioztatu du ELAk; eta egoera horren ardura euskal administrazioak eta ogasunak gobernatzen dituztena dela.
Egoerak "okerrera" egin du
Arabako datuak gainerako euskal lurraldeetakoaren oso antzekoak dira, sindikatuaren analisiaren arabera. "Egoerak okerrera egin du, argi eta garbi, 2023ko diru bilketa 2007koarekin alderatuz gero (2008ko finantza krisia hasi aurreko urtea). Konparazio horrek erakusten du EAEn enpresek ordaintzen duten zergaren bidezko diru sarrerak jaitsi egin direla, 2007an 2.034 milioi euro izatetik 2023an 1.636 milioi izatera igaro baitira, hau da, 400 milioi gutxiago ( %19,6 gutxiago)". Bien bitartean, ELAk azpimaratu du lan errenten bilketa %63 hazi dela PFEZn, eta BEZaren bilketa %43.
ELAk azpimarratu du, gainera, soldatakoak ez diren errentetako iruzur fiskala "oso handia dela", eta euskal ogasunek ez dutela behar adina baliabide jartzen iruzur horren preskripzio aldian errenta horiek guztiak ikuska daitezen.
Egoera horren aurrean, Arabako Batzar Nagusietan ordezkatutako alderdi politikoei eskatu die ELAk "premiazko erreforma fiskala" martxan jartzeko, "enpresen mozkinengatik, aberastasunagatik eta errenta handiengatik ordaindu beharreko zergak nabarmen handitzea ekarriko duena". Azaldutako neurrien artean, ekitaldiko kontabilitate mozkinen gaineko %25eko gutxieneko tasa efektiboa ezartzea eskatu dute, edo PFEZaren tarifaren bikoiztasuna ezabatzea, errenta guztietarako tarifa bakarra egon dadin.
Beste sindikatuetako ordezkarien agerraldiak ere izan dira Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Batzordeak sortutako ponentzian. UGTko ordezkari Raul Arzak, ESK sindikatuko Francisco Javier Nicolauk eta LAB sindikatuaren izenean Gorka Vidalek parte hartu dute.