"Botika etxean eskura" banatuko dute Arabako landa eremuan

Erredakzioa 2024ko eka. 10a, 17:16

"Botika etxean eskura" proiektuaren hitzarmena. Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Añana eta Arabako Mendialdean sendagaiak etxez etxe eramateko proiektu pilotuaren hitzarmena sinatu dute gaur. Arabako landa eremuaren arreta farmazeutikoa hobetzea du helburu, eta bi urtez indarrean egotea adostu dute oraingoz.

 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Arabako Foru Aldundiak eta Arabako Farmazialarien Elkargoak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean, "Botika etxean eskura" proiektua abiatzeko. Añana eta Arabako Mendialdean hasiko da proiektua, eta landa eremuko biztanleei farmazia arreta hobetu asmo du, sendagaiak etxean jasotzeko aukera eskainiz.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak adierazi du proiektu honek ez duela soilik ekarriko botikak etxeetara eramatea. "Arabako landa eremuko biztanleen arreta eta jarraipen farmakoterapeutikoa hobetu ere" egingo duela azaldu du. Dosifikazio sistema pertsonalizatuak prestatzeko balioko duela esan du, eta baita tratamenduen inguruko ohar garrantzitsuak jakinarazteko ere. Medikazioaren erabilera berrikusi eta kontrolatzeko aukera emango du, Sagarduiren esanetan, eta sendagaien ondorio kaltegarriak prebenitzen edo saihesten lagunduko du.

Anartz Gorrotxategi Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamendu diputatuak nabarmendu du erakundeen helburua dela hobetzea populazio gune handietatik kanpo bizi diren herritarrei eskainitako zerbitzuak, eta bide horretan ekarpena egingo duela "Botika etxean eskura" proiektuak. Milagros Lopez de Ocariz Arabako Farmazialarien Elkargoko presidenteak esan du pandemian antzemandako eskaera bati erantzuten diola ekimenak, arreta farmazeutiko integrala eskaintzeko eta landa eremuko biztanleen autonomia sustatzeko.

Bi urteko indarraldia izango du proiektuak, gaur hasita. Eusko Jaurlaritzak 95.000€ jarri ditu ekimena martxan jartzeko, eta Arabako Foru Aldundiak 30.000€.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago