Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak gizarte zentroetako eta zerbitzuetako arretaren eta zaintzaren eredu berrira egingo den trantsizioa aurkeztu du gaur, Arabako hirugarren sektoreko hainbat eragile sozialen eta gizarte zerbitzuetako ekimen pribatuko erakundeen aurrean. "Harremanak ardatz dituen arreta eredua berriak familiak zainketetan gehiago inplikatzea lortu nahi du, bai eta profesionalen inplikazio emozional handiagoa eta erabiltzaileen, langileen eta familien ongizatea hobetzea ere", esan du.
Arabako diputatu nagusiak Gorka Urtaran Gizarte Politiken foru diputatuarekin batera parte hartu du jardunaldian, eta "zainketen kulturaren aldaketaz" eta arreta "humanizatzeaz" hitz egin du. Gizarea izeneko laguntza eredu berria aurkeztu du ahaldun nagusiak, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailak pandemiaren ostean proiektu pilotu gisa abian jarri zuena adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako foru egoitzetan; eta adierazi du Gizarea "gizarte arloan egiten diren esku hartzeak argiztatuko dituen itsasargi bihur daitekeela".
"Harremanak ardatz" dituen arreta eredu berria foru egoitza zentroetan ezartzen ari da batez ere. Gaur egun, Lakua, Etxebidea, Ajuria, Zadorra eta Txagorritxu foru egoitzak, Arabarren zainketa zentroa (GOFErekin itundua), Purísima Concepción egoitza pribatua (Murgia) eta Afaraba elkartea eredu horri jarraituz ari dira lanean. Asmoa da eredu hori gainerako gizarte zentro eta zerbitzu publiko zein pribatuetara zabaltzen jarraitzea.
GOFEk eredua pixkanaka ezartzen jarraitzeko asmoa du adimen desgaitasuna duten pertsonentzako laguntzadun etxebizitzetan, bai eta landa eremuko udalerrietako adineko pertsonentzako foru egoitzetan ere. Eredua beste kolektibo batzuei zuzendutako zentro eta zerbitzuetara ere hedatzen jarraitzeko asmoa dago, hala nola osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei edo babesgabetasun egoeran dauden adingabeei zuzendutakoetara.
Eskuliburua
Trantsizio horren antolaketa errazteko, Arabako Foru Aldundiak, SIIS - Eguía-Careaga Fundazioaren Dokumentazio eta Ikerketa Zentroarekin lankidetzan, eskuliburu bat egin du, "erreferentzia eta laguntza gisa balioko duena arretaren kultura aldatu nahi duten gizarte zerbitzu guztientzat. Helburua arreta humanizatzen laguntzea da, bai erabiltzaileentzat, bai profesionalentzat eta senideentzat".