ELA eta LAB sindikatuek grebara deitu dute berriro Arabako erresidentzietan eta etxebizitza komunitarioetan, ekainaren 19an. 11:00etan kalejira egingo da, Gasteizko Plaza Berritik abiatu eta Probintzia plazan amaituko dena. Ondoren, arratsaldean, manifestazio nagusia egingo da. Bilbo plazatik abiatuta, 18:30ean.
35. greba eguna da sektorean, lehen hitzarmen probintzialaren aldeko borroka hasi zenetik. ELAk eta LABek salatu dutenez, ekainaren 3ko negoziazio mahaiak ez du ezertarako balio izan. "Sindikatuek eskatuta deitu zuten mahaia, eta ez zuen inolako aurrerapenik ekarri negoziazioan". Sindikatuak prest agertu dira sektoreko 1.000 langile baino gehiagoren lan baldintza eskasak hobetuko dituen akordio bat lortzeko, baina gutxieneko batzuk zehaztu eta bete behar direla uste dute. "Ez da gauza bera gertatzen mahaiaren beste aldean. Patronalak eta Arabako Foru Aldundia ez dira gatazka konpontzeko urratsik egiten ari, beren erantzukizuna denean".
ELAk eta LABek negoziazioan inplikatzeko exijitu diete patronalei eta aldundiari. "Ezin da onartu zaintza sektore hori erabateko prekarietate egoeran egotea", azpimarratu dute.