Giroa "zertxobait ezegonkortuko" dela dio Euskalmetek, ekaitzen aurrean baikortasunaren lemari irmoki eutsita. Arabarako iragarpen ofizialaren faltan (08:30, aizue!), esango dugu zerua lainotuko dela, eta zaparrada txikiak izan ditzakegula, batez ere arratsaldean. Haizea hego-ekialdetik ariko da goizean, eta iparretik arratsaldean. Termometroan, sargoria geratuko da momentuz, Gasteizerako 12 eta 29 gradu arteko aldea iragarri baitute.
Asteburuan ekaitz gogorrak espero dira, GGDA Goi Geruzetako Depresio Askatua edo gazteleraz sigla sexiagoa duen DANA horietako bat ate joka dugulako. Batez ere larunbat arratsaldetik aurrera egongo da ekaitzak jotzeko arrisku gehien. Oro har, giro nahasia igandean ere mantenduko da. Tenperaturak beheranzko joeran mantenduko dira; hurrenez hurren, larunbat eta igandean 12/25 eta 9/18 gradu artean ibiliko dira termometroak.