Bioaraba institutuko Unax Lertxundi eta Gorka Orive zientzialariek, nazioarteko beste hamabost aditurekin batera, botika "jasangarriagoak" sortu eta garatzearen aldeko aldarrikapena egin dute Nature Sustainability aldizkarian.
Argitaratutako adierazpenak argi utzi du lehen lerrotik farmazia produktuak "ezinbestekoak" direla osasun arretarako, eta gaitzen prebentzioa eta tratamendua irauli dutela. Gauzak hala izanik ere, zientzialariak jakitun dira produktu horiek ingurumen inpaktu bat dutela, eta ingurumenera iritsitako farmazia osagai aktiboen nahasketek mundu osoko ekosistemak kutsatu dituztela.
Zentzu horretan, gogora ekarri dute duela gutxi mundu osoko ibaietan egindako 1.052 laginketetan abiatuta ikertzaile talde batek 61 botika mota atzeman zituela; bost kontinenteetako 104 herrialdetan egin ziren laginketa horiek. Kasu askotan ez ziren kopuru hutsalak: laginketen %43an ikusi zuten osasun ekologikorako segurutzat jotzen diren balioak gainditzen zirela.
Erantsi dute azken hamarkadetan pilatutako ebidentziak diola naturara isuritako botiken nahasketa hauek "alterazio larriak" sortu ditzaketela basa espezieetan.
Egoera bideratzeko, botiken ekoizpenaren eta kontsumoaren zikloak aldatzeko beharra azpimarratu dute. Besteak beste, horien preskripzio "informatuagoa eta jasangarriagoa" aipatu dute. Kontzientziazio kanpainak ere eskatu dituzte, bai era aiseago degradatzen diren botiken ekoizpena ere. Azkenik, ur zikinen tratamendua hobetu beharra dagoela ohartarazi dute.